2018-02-01 13:49

Sindikalismoak men egiten ez badu makurrarazi egin behar da. Gure ekintza kolektiboa alferrekoa izatea nahi dute, “jendea garatu eta sindikatua alde batera utz dezan”. Garai berriotan enpresek gure jendearekin nahi dutena egiteko aukera izan behar dute. Aurrean soilik banakoak nahi dituzte, eta Asia ez dute kasualitatez eredu gisa hartzen... han ez baitago sindikaturik.

ELAren ustez oso larria da gobernu demokratiko batek halako helburuak bere egitea. Demokratikotik ezer ez duen xede baten alde egitea -sindikatua paretik kentzea- patronalaren aldeko eskuhartze onartezin gisa ulertu beharko litzateke. Jaurlaritzak ez du itxura ere zaintzen. Gogorra da patronalak bere asmoa horrela adieraztea; baina are gogorragoa horri babesa emateko ekitaldian Urkulluren gobernuko bi sailburuk eta EAJren liderrek parte hartzea. Zoritxarrez, Jaurlaritzak sindikalismoaren arloan orekaren zentzua galdua dauka aspaldian.

Eta hori behin eta berriz frogatu du: babesa eman zionean negoziazio kolektiboan gutxiengoak langileek hautatutako gehiengoa usurpatzerai; garrantzia kendu zionean Confebaskek “fiskalitateaz hitz egiten zutelako” ELA eta LAB legez kanpo jartzeko proposamenari. Edota Tapia sailburuak esan zuenean gurean “ordezkaritza sindikala aldatu beharra” zegoela. Jaurlaritzak posizio hori finkatzeko bi arrazoi nagusi ditu: batetik, Margaret Thatcherren moduan sindikaturik nahi ez duen eskuin ideologikoaren ordezkari delako. Bestetik, uste duelako horrek ez diola kostu politikorik eragingo. Munduan zehar horren aldeko haizea dabil. Bitxia da: eskuin politikoarentzat arazoa ez dira lan erreformak edo prekarietatea; aitzitik, sindikatuok egiten diogu enbarazu, eta patronalaren alde jokatzeko prest dago gu defentsarik gabe uzte aldera. Eurek gidatu nahi duten gizartean guztiok beldurraren diziplinari men egin behar diogu. Kontuz, ibilbide hori arriskuz beteta baitago.

Hala da; PwCk diskurtso ideologikoa egiten du eskuinak setaz errepikatzen duenean ideologiak amaitu direla. Esaten dute “konfrontazio estrategia Euskadin lan egiten duten pertsonen aurka” doala... Lotsarik ez dute! Galdetu, bestela, Bizkaiko zahar-etxeetan lanean diharduten emakumeei: 370 eguneko greba egin behar izan dute hilean 1.200 euro irabazteko. Haien ondoan egon zen sindikatua, babesa eta elkartasuna eskainiz. Eta horixe da botereek onartzen ez dutena.

Nori zuzentzen dizkio PwCk bere exijentziak? ELAri ez. Badakite ez dugula baztertuko kostata lortu dugun autonomia sindikala. Zein delitu egin dugu horrela zigor gaitzaten? Akaso asmatu egin dugu hainbeste jendek pairatzen duen lan prekarietatea eta bazterketa? Gure delitua honakoa da: langileei perspektiba, autoestima, antolakuntza eta borrokarako gaitasuna emateko ari gara lanean. Ez dugu esperantzarik galdu. Eta horrek ernegatu egiten ditu.

Jakingarria da Javier Urizarbarrena, bere garaian EAJrekin Bizkaiko Ogasun diputatua izan zena, gaur PwCren zuzendaritzan dagoela. Ez dago esan beharrik Urizarbarrena gaur noren alde ari den lanean, baina jakin nahiko genuke Ogasunaren arduradun zenean norentzat ziharduen. Bera PwCra joan zen, baina Aldundian oinordeko duinak izan ditu enpresei zergak jaisten jarraitzeko. Hau ere Euskal Herrian hain ugariak diren ate-erroten adibide dugu.

Eskuina harrotu egiten da ezkerra lausotzen denean. Izan ere, egungo ezkerrak ez baitu ildo argirik jarraitzen. Gaur Europan ezker politikoak herrialde batzutan bere boterea berreskuratzen badu da ez diolako izkin egiten eskuinarekiko talka ideologikoari. Eusko Jaurlaritzak erabaki du patronalari laguntza emango diola mugimendu sindikala ahultze aldera; erabaki hau ikusirik ezker politikoak planto egin beharko luke. Haatik, euskal gizartean omen dagoen ustezko “ildo zentral” bat irudikatzen dute, eta hor kokatzen dituzte hain zuzen sindikalismoa suntsitu nahi duten indarrak ere.

Eraso egiten digute gizarte-eredu prekarioa ezarriz eta, gainera, patronalari babesa ematen diote gu paretik kentzeko. Hori egiten dutenak ez dira guk sinesten dugun prozesu horretako partaide. ELAk ez du horretan sinesten. Eta ez da peccata minuta, gure erabakitzeko eskubidea, euskal langileona, horrekin lotuta baitago.

Euskal eremu instituzionaleko “ildo zentrala” zoritxarrez neoliberala da, eta premiazkoa da eskuinarekiko debate ideologikoari ekitea. Ken Loach zinema zuzendariak esan duen bezala, “lidergoa eta borondatea behar dira programa alternatibo bat definitzeko”. Izan ere, bai baitzegoen beste alternatiba bat, sistemaren aholkua jarraitzea, baina hori Europa guztian nabarmen geratu da: Sistemak ezkerrari galdegiten dio “hautsi dezala mugimendu sindikalarekiko lotura eta normaltze aldera ildo soilik instituzionalerako ibilbidea burutu dezala”. Horixe egin zuen Tony Blairrek. Bide horrek ezkerra porrotera eraman du, sindikalismorik gabeko ezkerra maingu baitago, ezker politiko alternatiborik gabeko sindikalismoa bezalaxe.

ELAk argi dauka: botere sindikala eraiki behar da. Hau da guk sinesten dugun subiranismo sozialerako ekarpena, geure-geurea. Botere sindikala lortu ala ez, hor dago prekarietatea etsita jasatearen edota burua harro altxatzearen arteko aldea. Emilio Botinen ordezkoa bere alaba izan da, oinordetzaz. Kapitala, diruaren boterea, oinordetzaz eskualdatzen baita, baina botere sindikala ez. Sindikalismoa egunez egun eraiki behar da langile-klasean zilegitasuna irabaz dezan. Etorkizuna ez digute bermatuko legeak, ezta botere ekonomikoarekin hain otzan agertzen diren gobernu hauek ere. Sistemak PwC eta honen kideko enpresak erabiltzen ditu pentsamolde neoliberala hedatzeko. Guk egin beharrekoa geure gain dago. PwCri gauza bat esan nahi diogu: harro gaude eginbehar sozial hau egiten dugulako, eta horri eutsiko diogu aurrerantzean ere.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.