2018-04-10 09:46

Orain dela hilabete bat, ELAk Auzitegi Gorenean irabazitako epaiaren berri ematen genuen. Horretan, Auzitegi Gorenak esaten zuen legez kontrakoa zela Gizarte Segurantzako Altxortegi Nagusiak haurdun eta arrisku egoeran zegoen emakume bati Gizarte Segurantzan emandako altaren deuseztatzea. Epai hori oinarritzat hartuta, Osakidetzak gaur adierazi du izendapenak eskeiniko dizkiela emakume erdiberriei eta haurdun daudenei.

Gogorarazi behar dugu, 2017ko ekainetik, ELAk ez duela parte hartzen Osakidetzako berdintasun mahaian. Osakidetzak haurdun dauden eta umea izan berri duten emakumeak kontratatzeko baldintza jarri zuen, eta zuzendaritzak, orain arte, ez du inolako urratsik eman. Jarduera hori, epaiak esaten duen bezala, baztertzailea da.

Osakidetzak ez du berdintasun formala ez ezik benetako eta zinezko berdintasuna lortzeko borondaterik erakutsi. ELAk salatu nahi du Osakidetza, gizonezko eta emakumezkoen arteko berdintasuna bermatzetik oso urruti dagoela.

Osakidetzan egindako barne diagnostiko bera kontutan hartuta, soldata arrakala %25ekoa da. Datu hau bereziki deigarria da kontutan hartzen badugu Osakidetzako langileen %80a emakumeak direla.

Datu horrez gain, Osakidetzaren enplegu politikak, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko ezberdintasunak huanditu besterik ez dute egiten:

  • %51eko edo gutxiagoko ihardunaldia duten kontratuen %90a emakumeei egiten zaizkie.

  • Seme alaben zaintzarako hartzen diren ihardunaldi murrizketen %92,55a emakumeek hartzen dituzte.

  • Osakidetzan lan egiten duten emakumeen %3,96ak bakarrik betetzen dituzte agintaritza lanpostuak, gizonezkoen %11,43aren aurrean.

  • Osakidetan lan egiten duten emakumeen %19a bakarrik betetzem dituzte osasun-lizentzatuei dagozkien lanpostuak, gizonezkoen %45,12aren aurrean.

  • Osakidetzan lan egiten duten 10 emakumeetatik 4, behin-behinekoak dira, gizonezkoen %28,55aren aurrean.

ELAtik Osakidetzari esaktzen diogu, benetazko aukera berdintasuna bermatu dezan emakumeen eta gizonezkoen artean.



 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.