2018-02-05 09:39

Gaur, Darpón Jauna Legebiltzarrean agertuko da bere propaganda kanpainarekin jarraitzeko eta errealitatearekin zerikusirik ez daukan euskara planaren betepen maila bat aurkezteko.

Argi esan dezakegu Osakidetza oso urruti dagoela Euskararen Erabilera Normalizatzeko Bigarren Planean ezartzen diren helburuak betetzetik eta horiek betetzeko borondaterik ez daukala. Gaur egun Osakidetzak ez ditu hizkuntza eskubideak bermatzen, ez bere langileenak, ezta biztanleriarenak, eta horiekiko aurkezten duen jarrera mespretxukoa da.

Horren adibide argia da Goi Mailako Teknikari lanpostu bat betetzeko Araban martxan jarri duen deialdia. Lanpostu horri formakuntza eta euskara ardurak eman zaizkio eta hori horrela izanda, lanpostua betetzeko deialdiak ez zuen Hizkuntza Eskakizunik ezartzen lanpostua bete ahal izateko. Izatez, lanpostua hartu duen pertsonak ez dauka Euskara Eskakizunik. Zer esan dezakegu Osakidetzak ez duenean bermatzen euskara arduradun batek elebiduna izatea? Nor engainatu nahi dute?

Osakidetzak bihar deitu gaitu sindikatuok batzar batera, non euskara planaren betepenaren inguruko balorazioa aurkeztuko duen. Hala ere, balorazio horren edukia aldez aurretik ezagutzeko aukera ukatu digu esanez batzarrean bertan ezagutzeko aukera izango dugula. Beste behingoz, Osakidetza iluntasun osoz jarduten du, arau demokratiko eta sindikatuon lana eta ordezkaritza mespretxatuz.

Osakidetzari exijitzen diogu euskararen erabilera normalizatzeko benetazko konpromezua hartu dezan eta langileak euskaldutzeko eta langileen eta gizartearen hizkuntza eskubideak bermatzen digun zerbitzu publikoa eskaintzeko benetazko neurriak hartu ditzan.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.