2018-05-28 14:02
Arabako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko lau hilabete baino gehiago daramatzate mobilizatzen lan-baldintza duinagoak bermatuko dizkien hitzarmen baten alde. Izan ere, 900 euroko soldata garbiak jasotzen dituzte, eta egunean 10 orduz egon behar dute lanerako prest.

El SAD tiene razón y le sobra
Se mueve todo el día cuidando personas
Tiene los pies cansados de andar todo Vitoria
Somos muchas mujeres que no estamos de broma
Escucha nuestro canto Olabarrieta
Que seguiremos insistiendo en nuestra meta
Salario digno y condiciones respetuosas
Vamos a lograr conseguir que nos oigas

Horrela dio Arabako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileen La bicicleta kantuaren bertsioaren leloak. Kantu hori dute beren borrokaren soinu-banda, lan-baldintza duinagoak bermatuko dizkien hitzarmen baten baten alde egiten ari direnarena alegia. Ez dago zalantzarik nortaz mintzo den kantuaren leloa: Arabako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria den Marian Olabarrieta Ibarrondoz. Erakunde hori da, Gasteizko Udalarekin batera, zerbitzu horren emakida gehienen arduraduna.

Hilabeteak daramatzate langileek enpresak eta administrazioak negoziatzera eserrarazi nahian eta, halako batean, agortu egin zitzaien pazientzia. Otsailaren 22an lanuzteak egiten hasi ziren, astero, eta zenbait mobilizazio bultzatzen; maiatzaren 24an, berriz, goia joko du gatazkak, eta greba egingo dute langileek.

Duintasunaren aldeko borroka

2011az geroztik daude lan-hitzarmena berritu gabe Arabako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileak (emakumeak, guztiak ere). Jakina, izugarri jaitsi da ordutik hona haien eroste-ahalmena. EELZko langile eta ELAko ordezkari den Estíbaliz González de Herrero azaldu digunez, soldata izoztuta daukagu aipatutako urtetik. “Zazpi urte iraun ditu jada aurreraginak. Lanaldi osorako ordutegia bermatuta daukatenek 900 bat euroko soldata garbia jasotzen dute. Lanaldi osorik ez dutenen egoera, berriz, askoz okerragoa da. Zenbait lankidek Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) kobratzen dute, egunero jan ahal izateko”.

Baina, soldata-igoeraz gain, besterik ere eskatzen dute emakume hauek: “Egunean lanerako 10 orduko prestasuna eduki behar dugu, lau ordu eta erdi bakarrik lan egiteko. Gasteizen bizi garenok alderik alde zeharkatu behar izaten dugu hiria; izan ere, zerbitzuaren erabiltzaile asko gugandik urruti bizi dira. Landa-eremuko lankideek, berriz, ehunka kilometro egin behar izaten dituzte hilean zerbitzua emateko. Ezinezkoa zaigu, beraz, lana eta bizitza pertsonala edo familiakoa uztartzea”.

Emakume-aurpegia du gatazkak

Estibaliz González de Herrerok dioskunez, gatazka honek argi erakusten du zergatik esaten den pobreziak emakume-aurpegia duela. “Lan goresgarria da gurea; horri esker, beren etxeetan, beren ingurunean bizitzen jarraitzen dute mendekotasunen bat dutenek, adinekoek, desgaituek, isolatuta geratzeko arriskuan daudenek...; arreta eta zaintza profesionalak jasotzen dituzte, eta tratu duina. Baina badirudi Aldundiari ahaztu egiten zaiola, batzuetan, zein den gure lana, zerbitzu publiko bat eskaintzen dugula.  Bestalde, lan-diskriminazioa jasaten dugu, zaintza-alorreko sektore feminizatu batean aritze hutsagatik”.

Hilabeteak daramatzate borrokan eta mobilizatzen, baina, hala eta guztiz ere, oso motibatuak daude sektore horretako langileak. Arabako sektore soziosanitarioko ELAko arduradun den Nuria Vallejosek adierazi duenez, aurkeztu dute euren plataforma, eta zain daude “Aldundiak eta enpresek noiz erantzungo.. Aurtengo aurrekontuak itxita daudela esaten digute, baina aitzakia hutsa da hori. Beste urte batzuetan aurrekontu-sail batzuk ez dira gastatu eta dirua sobratu da, baina ez gastatzea erabaki dute, gure sektorean gabezia larriak egon arren. Nahi izanez gero, ez lukete batere arazorik dirua eskuratzeko. Gainera, ez dugu inongo izugarrikeriarik aldarrikatzen; soldatei dagokienez, adibidez, hilean 41 euroko igoera, plataformaren arabera. Borondate politikorik dagoen ala ez, hori da kontua”.

Ziur da Estibaliz González de Herrero borrokak ekarriko duela emaitzarik. “Berrogeita hamar lagun mobilizatzen ginenean hitzarmen duin samarrak lortzen genituen; orain, berriz, 300 langiletik gora ari gara jo eta su mobilizatzen. Beraz, hitzarmen on bat lortu behar dugu, nahitaez. Dena den, oso zaila da sektore honetan lan sindikala egitea. Bakarka egiten dugu lan, eta norberaren enpresako lankideak ere ez ezagutzea ez da batere harritzekoa. Parkeren baten inor behin baino gehiagotan ikusten badugu adineko norbait zaintzen, hurbildu egiten gatzaizkio, eta EELAZn lan egiten duen galdetzen diogu. Oinarritik borroka eginez lortu dugu ehunka emakumezko langile prekarietatearen aurka borroka bizian jartzea. Eta harro asko diogu ELA ari dela gidatzen gatazka, erabat gainera. Gure ordezkaritza-mailak (% 49) adierazten du zenbaterainokoa den langileek gugan duten konfiantza eta ematen diguten babesa"

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.