2018-06-07 11:55
ELA-Zerbitzuak federazioko idazkaria nagusia den Maricruz Elkorok Landeiaren azken aleari egindako elkarrizketa honetan azpimarratzen duenez ezinbestekoa da borrokatzea hemen negoziatu nahi badugu. Hona hemen negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren inguruan egindako elkarrizketa.

ELAren beste lorpen bat: FEADRS patronalak erretiratu egin du EAEko negoziazio kolektiboaren lanbide arteko hitzarmena inpugnatzeko demanda.

Zenbait astez etengabeko bilera-saioak egin ondoren EAEko alderdi politiko nagusiekin, FEADRSren erabiltzaile diren enpresekin langile-batzarrekin…, eta greba-deialdia egin ostean Espainiako Estatuko ostalaritzako FEADRS patronaleko enpresetan, hau lortu zuen ELAk: patronalak erretiratzea EAEko negoziazio kolektiboaren lanbide arteko hitzarmena inpugnatzeko demanda, apirilaren 24an egitekoa zen epaiketa baino lehen. Lortutako akordioaren arabera, alde biek hitzematen dute EAEko patronalekin eta sindikatuekin negoziatzen hasiko direla, gure herrialdeko ostalaritza-sektoreko langileen lan-baldintzak adosteko.

Estatuko ostalaritzako patronalak (FEADRS) erabakia zuen inpugnatzea ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek CONFEBASKekin adostutako lanbide arteko hitzarmena, zeinaren arabera lehentasuna ematen baitzaie EAEko hitzarmen kolektiboei, estatu-mailakoen gainetik. Aldez aurretik, CCOO eta UGTren bidez Ostalaritzako Esparru Hitzarmena indargabetzen saiatu zen patronala, baina porrot egin zion estrategia horrek. Patronal horren asmoa (eta UGT eta CCOOrena) hau zen: lehentasuna ematea Espainiako Estatuko Ostalaritzako Hitzarmen Kolektiboari. Helburua lortu izan balu, % 50 jaitsiko ziratekeen langile kontratatu berrien soldatak.

Helburua: epaiketa saihestea

ELAko negoziazio kolektiboko arduradun Pello Igeregik eta Zerbitzuakeko idazkari nagusi Maricruz Elkorok diotenez, FEADRSek ez zuen atzera egingo patronal horretako kide diren ostalaritzako enpresetako langileek hain jarrera tinkoa erakutsi izan ez balute. Izan ere, greba deitua zuten apirilaren 24rako, demandari buruzko epaiketa egin behar zen egunerako alegia. Eskerrak eman dizkie ELAk berarekin bileretan izan diren alderdi, erakunde eta enpresei, helburua lortzen laguntzeagatik.

Aipatutako bi sindikalisten iritziz, indargabetu den patronalaren asmo horrek aurrera egin izan balu, ondorio ikaragarri larriak ekarriko zizkien langileei.

“ELAren ustez, bistakoa da FEADRSren azken helburua ez zela lanbide arteko hitzarmenari aurre egitea, baizik eta ostalaritzako Estatuko hitzarmena EAEn ere aplikatzea, hau da, prekarietatea hedatzea sektoreko langileen artean. Baina lanbide arteko hitzarmenaren inpugnazioaren ondorioak ostalaritza eta jatetxeen sektoretik askoz harago iritsiko ziren, atea zabalik utziko baitzitzaion sektore guztietan Estatuko hitzarmenak aplikatzeari. Eta esan beharrik ere ez Estatuko hitzarmen gehienek nabarmen murrizten dituztela EAEn negoziatutako lan-baldintzak".

ELAk, horrenbestez, garbi ikusten zuen demanda erretirarazi egin behar zitzaiola FEADRSi, epaiketarik ez zela egin behar…, eta hori lortzeko estrategia jarri zuen martxan.

“Ekintza planifikatuak jarri genituen martxan helburua erdiesteko: greba-deialdiak egin FEADRSra afiliatutako enpresetan, kontraten laguntza gureganatu, eta, azkenik, Estatuan azpikontratak dituzten administrazio publikoen konpromisoa, zeinaren arabera ez zuten kontratatutako gure akordioa inpugnatzen zuen enpresarik”.

LABek lankidetzarik nahi ez

Mobilizazio-prozesu horretan elkarrekin jardutea proposatu zion ELAk LABi, baina alferrik. “Gure ustean, okerreko erabaki zen enpresetan presioa egiteari uztea, eta are gehiago mobilizazioak epaiketaren ondoren egitea, ez aurretik”, diote. “Eta denborak arrazoia eman digu”, gaineratu dute. “Geuk bakarrik eraman dugu aurrera gure estrategia, eta emaitzak ekarri ditu”.

Ekimen sindikal horretarako laguntza eskatzeko eginiko bileretan, hau eskatu zien ELAk EAEko administrazio publikoei: ez emateko sektore publikoarekin kontratuak egiteko legitimotasunik piraten antzera jarduten duten enpresei, lan-baldintzak % 50 murrizteko prest daudenei. “Are gehiago —diote Elkorok eta Igeregik—: kontuan izanik ostalaritza-sektorean lan egiten duten gehien-gehienak emakumeak direla, sekulako hipokrisia izango zatekeen gizonen eta emakumeen arteko soldata-arrakala are gehiago handitzea neurri horren bidez”.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.