2018-01-26 13:45

Foru Aldundiek 2017an 14.473,9 milioi euro bildu dituzte, 2016an baino %11,8 gehiago, sekula bildu den kopururik handiena da, 2007an bildutakoa baino handiagoa.

Diru-bilketa handitzea berri ona da, nahiz eta oraindik ere asko dagoen egiteko. Europako bataz bestekoarekin dagoen aldea 5.000 milioi euro baino handiagoa da. Hala eta guztiz ere, ELAk diru-bilketaren hazkundea berdintasunaren aurka egin dela azpimarratu nahi du.

2017an 2007an baino 701,8 milioi euro gehiago bildu dira. Hazkunde hau lan errenten kontura eman da:

Lan errentek 2017an duela 10 urte baino 726,9 milioi euro gehiago ordaindu dituzte. Enpresek, aldiz, Sozietateen Zerga bidez 1.111,7 milioi ordaindu dituzte, duela 10 urte baino 922,5 gutxiago.

2007an lan errentek diru-bilketa osoaren %29,3a suposatzen zuten, eta 2017an guztiaren %32,9a. Enpresek ordaindutakoa aldiz, %14,8tik %7,7ra pasatu da 10 urte hauetan.

Azken urtean lan errentek ordaindutakoa 169,9 milioi eurotan hazi da, enpresek ordaindutakoa 108,9 milioietan. Berdintasun eza urtez-urte hazten ari da.

Berdintasun ezaren eta pobreziaren hazkundea da EAEn egiten den politika fiskalaren ondorioa. Beharrezkoa da diru-bilketa gehiago haziko duen eta justizia sozialaren bidetik joango den erreforma fiskala.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.