2018-05-10 10:40
Kristau Eskola-ANEG patronalaren egoitzaren aitzinean delegatuen elkarretaratze bat egin da, ELA antolatzaile izanik, Itunpeko Irakaskuntzako patronalek, estatuko hitzarmenaren partez, Nafarroako Hitzarmen baten negoziazioa onar dezatela eskatuz.

Patronalen, sindikatuen eta gobernuaren artean akordio berri baten negoziazioari heltzen zaion guztietan ziurgabetasuna nagusitzen da sektoreko langileengan. Hori, inoiz baino hobeki, ikasturte honetan ikusi ahal izan dugu, eta aldiz Nafarroako Hitzarmen batek ziurgabetasun hori ezabatuko luke. Aurtengo akordioa, Estatuko Hitzarmenarekin batera ere, oso urruti geratu da homologazioaren betiko helburutik, soldatetan eta ordutegietan, Nafarroako Irakaskuntza publikoaren baldintzen aldean.

Gertaerak oso argiak dira:

Sindikatuek aho batez ezetza eman zioten ekainean Hezkuntza Departamentuak egin zuen proposamen atzerakoiari, orduan sektorea estatuko hitzarmen ziztrinaren menpean uzteko mehatxua egin zuen (lanaldi luzeagoak, eta soldata anitzez urriagoa). Patronalek (Eskola Katolikoak-ANEG, CECE eta FED-ACES), gatazka-giroaren beldurrez, itundu zuten udan Hezkuntzarekin oinarri-akordio bat, oso eskasa, eta gorde zuten gibelaldean, zer gerta ere, sindikatuak behartzeko tresna gisa. Sindikatuetariko batzuek azkenean sinatu egin zuten akordio atzerakoia, Hezkuntzak irailean proposatu zituen lan-baldintzekin. ELAk uko egin zion.

ELAren iritziz, konponbidea ez da adabakiak jartzen ibiltzea, Itunpeko Irakaskuntzak Nafarroako Hitzarmen bat izan behar du. Eskakizun hori ez da berria, sektoreko 2.800 profesionalek 2000. urtean ere eskatu zuten greba baten bidez, sindikatu guztien deiari erantzunez; estatu-esparruko sindikatu horietako batzuek ahantzita daukatela ematen badu ere.

ELAk baditu ordezkariak honako itunpeko ikastetxeetan: La Compasión-Eskolapioak, Santo Tomas-Domingotarrak, Calasanz, Larraona, Maristak, Salestarrak, San Zernin, Jesusen Bihotza, Carlos III, Amigó, Esklabak, Regina Pacis-Amor de Dios, Berako Jesusen Bihotza, eta Tuterako Anunciata.

ELAk adierazten du ekintza honekin batera laister ikastetxeetan jasotzen ari den Nafarroako lan-hitzarmenaren aldeko sinadurak aurkeztuko dituela eta dei egiten die gainerako sindikatuei ekintza sindikala bateratua egitera, Nafarroako Hitzarmen baten alde, lan-baldintzak hobetzearen bila eta lan-erreforma atzerakoietatik babestearen bila.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.