2018-05-01 13:26

Bi ekitaldi nagusien atarian ELAk elkartasun mezu bikoitza utzi nahi izan du, asteburuan Donibane Garazin indarkeria matxistak eraildako emakumeari eta 2016. urteko San Ferminetan bortxatua izan zen emakumeari. Irakurritako adierazpenean azpimarratu nahi izan den bezala, bi aldiz bortxatua izan den emakumea; lehena San Ferminetan, eta, bigarrena, iragan astean emandako epaian.

Bilboko ekitaldia goizeko 11:45tan hasi da, Jesusen Bihotzean. Bertan sindikatuko idazkari nagusiak –Adolfo Muñozek– parte hartu du egindako ekitaldian. Muñozek aldarrikatu duenez, “ELArentzat Maiatzaren Lehena ez da aurreko urteetakoa bezalakoa. Gauza batzuk ez dira aldatzen, baina besteak bai, eta hauek, aldatzen direnek, ilusioa ematen digute gizarte justuago baten alde borrokatzen garenoi. Mobilizazio sozial eta sindikalaz ari gara: Martxoaren 8a, pentsionisten mobilizazioak eta lan munduan egiten ari garen borrokak. ELA borroka horietan guztietan dago sartuta”.

“Azken urtean izan diren borrokek bi ezaugarri nagusi dituzte: Lehena, erasora goazela eta grebak irabazten ari garela. Eta bigarrena, patronalak, publiko nahiz pribatua dela ere, soilik amore ematen duela indar sindikala badago. Gatazka ugari izan dugu: Sektore mailan, Bizkaiko Zahar-etxeak, Gipuzkoako errepideak, Bizkaiko etxez-etxeko laguntza, Arabako interbentzio soziala, Arabako kirol-lokal eta -zelaiak, Nafarroako kirol kudeaketa, EAEko irakaskuntza publiko eta itunpekoa... Eta enpresetan: Bilboko Arte Ederren Museoa, Eulen Euskalduna Jauregia, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Tolosaldea Bus, Alfa Precisión, Erandioko kiroldegia, Bilboko TAO, Fundiciones Ur Artea (immigranteen diskriminazioa), H&M Bizkaia, Productos Tubulares...”

“ELAk zorionak opa dizkie borrokatzen direnei, eta nabarmentzen du emakumeek borroka hauetan parte hartze handia dutela. Bizkaiko zahar-etxeetako gatazka aipatu beharrekoa da, berak bildu baititu ELA zer den ulertzeko osagai ugari. Estatuko eta Europako hainbat lekutatik eskatzen digute joateko azaltzera gure langile hauek nola lortu duten garaipena. Borroka sindikal eta feminista eredugarria izan zen, zaintza lanak duintzea baitzen xedea. Izugarrizko balioa eman behar diogu egin zutenari. Emakumeok erreferente bat dira eta ELA ere bai, sektore feminizatuetan egiten ari garen lanarengatik. Beste leku batzuetan honelako borrokarik ez dago”.

Gauza positibo horiek azpimarratu arren, zenbait gauza aldatu ez direla onartu du Muñozek. “Ez dituzte politikak aldatu nahi, hauek pobrezia, bazterkeria eta desberdintasuna areagotzen duten arren. EAJren eta PPren lehentasuna politika neoliberalen egonkortasuna da –fetitxe gisa erabiltzen duten hitza–, haietan bat baitatoz. PP, EAJ eta PSE-EE bat datoz politika neoliberaletan. Eta Ciudadanos tartean bada, baita Ciudadanos ere. Bost axola Estatua arlo guztietan inboluzio betean egotea. “Egonkortasuna” delako horri lehentasuna ematen diote elkarri babesa emanez; horrela bakoitzak bere ardurapean dagoen eremuan egiten ditu murrizketa eta ajusteak. Horretarako PPk EAJ babesten du, eta EAJk PP. Egonkortasuna ematen diote elkarri politika horietan ados daudelako”.

Aurten pobreziaren aurkako gera izan da sindikatuak jorratu nahi izan duen gai nagusia. Izan ere, gurean gero eta gehiago dira pobrezia egoeran erortzeko arriskuan dauden lagunak. ELAko idazkari nagusiak pobreziaren aurka Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak aurrera eramango duen Legegintzako Herri Ekimena izan du hizpide, eta sindikatuaren babes osoa azpimarratu dio. “Gizarte-prestazio duinik ezin da mantendu soldatak urriak direnean, eta soldata duinik ez dago gizarte-prestazioak jaitsiaz gure jendea behartzen badute kontratu miserableak onartzera. Hori neoliberal guztiek dakite: kanpokoek nahiz gure herrikoek”. Ekitaldiaren ostean manifestazioa egin da Plaza Biribileraino.

Iruñean ekitaldia 12:00tan hasi da. Lehendabizi manifestazioa egin da Nafarroako hiriburuan, Gurutze Plazatik Udal Plazaraino. Ondoren ekitaldi bat egon da. Bertan Nafarroako abagune sindikal, sozial eta politikoa aztertu da. ELAk Nafarroan duen arduradun Mitxel Lakuntzak ere aurten borroka eta mobilizazio sindikalaren ondorioz egon diren albiste onak azpimarratu nahi izan ditu.

“Martxoaren 8ko greba dago, pentsionisten mobilizazioak, laneko borrokak… Krisia bere azalean bizi izan duten lagunak konturatzen ari dira hazkundearena iruzurra dela. Mobilizazio soziala eta sindikala ospatu beharreko albistea da. Harrotasunez adierazten dugu sindikalgintza aldarrikatzailea bizirik dagoela, oso bizirik. Ez da aldaketarik egongo mobilizaziorik gabe”.

Jaia eta aldarrikapena. Maiatzaren Lehena aldarrikapen eguna da, baina baita jai eguna. Langile klasearen harrotasuna aldarrikatzeko eguna. Horregatik eguerdiko ekitaldien ostean bazkariak antolatu dira, Bilboko Areatzan eta Iruñeako Labrit pilotalekuan. Eta, bazkalostearen ondoren, festak jarraituko du. Gora langileon borroka!

Irakurri Muñozen hitzaldia

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.