2018-02-08 09:28

Atzo, otsailak 7, burutu zen Lan-legepeko Irakasle eta Heziketa Bereziko langileen negoziazio mahaian, azken hilabeteetako mobilizazioetara eraman gaituzten behar eta aldarrikapenei erantzun gabe jarraitu zuen Jaurlaritzak.

Lanaldia: Hezitzaile askok 37,5 ordu edo gehiagoko asteko jardunaldia egiten dute eta beraiei ez dagokien garraio funtzioa egin behar izaten dute. Jaurlaritzak abenduan (eta irailean) jada egindako planteamendu berdina mantendu du, asteko lanaldiari dagokionez, alegia, gehienezko 37,5 orduko asteko lanaldia. Garraio, jantoki eta premia bereziko ikasleen begiralei dagokionez, gai hau batzorde tekniko batean aztertzea planteatzen du aldarrikapenari irtenbide bat ematea ekiditeko saiakera garbi batean.

Ordezkoen kobrantza: Ordezkoek urtean 165 egunetik gora lan egin arren, uda kobratzeko eta puntuatzeko aukera baztertu du berriro, beste kolektibo batzuen kasuan posible bada ere, kasu honetan legezko mugak omen daudelako.

Ekiparazioa: Heziketan lan egin arren, irakasleen kategoriarik baxuenak baino %20 gutxiago kobratzen dute langile hauek (6.600€ gutxiago) eta gradudun lanpostuak ez daude gainerako hezkuntza publikoko gradudun lanpostuekiko homologaturik. Gai honi dagokionez, iraileko eta abenduko proposamen berbera mantentzen du, hau da, gradudun lanpostuen homologazioa bakarrik. ELAk, kolektiboaren gainerako %90 osatzen duten hezkuntza laguntzako espezialistek irakasleen kategoriarik baxuenarekiko pairatzen duten soldata aldea murrizteko planteamendu bat exijitu dio.

Behin behinekotasuna: Behin-behinekotasuna murrizteko iraileko eta abenduko proposamen berdina mantentzen du, 2019an 260 lanpostu EPEra ateratzea, alegia. Egun, kolektibo guztiak batuz 630 langilek behin-behineko kontratua dutela kontuan izanik, proposamenak legealdi amaieran behin-behinekotasuna %34an kokatuko luke kasurik hoberenean.

Lanpostu zerrendara lanpostu estrukturalak azaleratzea eta lanaldi partzialak lanaldi osoko bihurtzea: Lanpostu zerrendan jaso gabe dauden 370 lanpostutatik 50 soilik azaleratu eta jasoko ditu lanpostu zerrendan Jaurlaritzak 2018an, 300tik gora egoera irregularrean mantenduz.

Lanpostuen %20 (174 lanpostu) lanaldi partzialekoak dira. Azken urteetan jardunaldi osoko lanpostu asko lanaldi partzialekoak bihurtu ditu Jaurlaritzak irizpide murriztatzaileak erabiliz. ELAk Lanpostu hauek lanaldi osokoak bihurtu eta egonkortzeko egindako proposamenaren aurrean, Jaurlaritzak inolako planteamendu zehatzik egin gabe jarraitzen du, lantzeko borondatea agertu besterik ez.

Eroste-ahalmenaren berreskuratzea (%15, 20.000€tik gorako galera 2010 geroztik), bajak zigortzeari uztea edo erretirorako laguntzak berreskuratzea alde batera utzi ditu gobernuak.

Ordezkoen zerrendak LEP bat aurrikusita dagoenean ireki zein irekita mantentzea eta heziketa Bereziko langileentzat Gizarte fondoa sortzeko proposamenak mantentzen dira.

Arduragabekeria larria da Heziketa bereziko ehundaka langileren babesa izan duten 5 greba egun ondoren eta mobilizazioak bultzatzen ari garen gehiengo sindikalak abenduko proposamenaren inguruan egindako balorazioaren jakitun izan arren, Jaurlaritza inolako proposamenik gabe etorri izana.

Era berean, urte luzeetan murrizketak alde bakarrez aplikatu dituen arren, sindikatu guztion adostasuna duten neurriak oraindik alde bakarrez aplikatu ez izana onartezina da, gradudun langileen ekiparazioa esaterako. Baita Jaurlaritzak gai gutxi batzuetara mugatu nahi izatea negoziazioa, “tekniko” deituriko mahaien bitartez.

 Hau horrela izanda, gure aldarrikapenei erantzuten ez dion proposamen serio eta oso bat ez dagoen bitartean, hurrengo martxoaren 14 eta 15erako aurreikusita dauzkagun grebak abian jarri beste biderik ez digu utziko.



 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.