2018-04-25 11:14

Loxin enpresa Ezkirotzen dago, eta 64 langile ditu. Enpresa Batzordeak 5 ELA-ordezkari ditu. Apirilaren 19an enpresak Enplegu Erregulazioko Espediente bat (EEE) aurkeztu zion Batzordeari. Horren ondorioz 40 langile kaleratuko ziren.

 

Enpresaren jarduera robotika da, aeronautika sektorean. Hasiera batean nafar enpresa zen, gero Kataluniako Aritex enpresak erosi zuen, eta enpresa hori bere aldetik Txinako multinazional bateko atala da. Aurkeztu duten EEEaren xedea 40 langile kaleratzea da Ezkirozko lantegian, eta lan-karga hori multinazionalaren bertze lantegi batzuetara eramatea edo azpikontratatuko diren bertze enpresa batzuetara bidaltzea. Oraingo hau, beraz, deslokalizazio eta azpikontratazioko kasu argia da, Nafarroan jendea kaleratzearen kontura.

 

Horren aitzinean Loxin enpresako langileek enpleguaren alde borrokatzea erabaki dute. Horretarako, hurrengo mobilizazio hauek antolatu dituzte:

  • Lanuzte-eguna, apirilaren 25ean, 10:00 eta 12:00 bitartean. Langileek elkarretaratze bat eginen dute Lan Departamentuaren aitzinean (Tomas Caballero parkea, 1), 10:30etan.

  • Lanuzte-eguna, apirilaren 27an, 10:00 eta 12:00 bitartean. Langileek elkarretaratze bat eginen dute Nafarroako Parlamentuaren aitzinean, 10:30etan.

 

ELAk eskatzen dio Nafarroako Gobernuari esku hartzeko, enplegua mantentze aldera. Hori dela-eta, bilera eskatu diegu Ekonomia Garapeneko Departamentuko arduradunei. Horren haritik ELAk azpimarratu nahi du Loxingo jarduera robotika-sektorekoa dela, eta sektore horrek I+D+i handia duela. Horretaz luze eta zabal solastu da 4.0 industriaren estrategiaren baitan. Ondorioz, sektore estrategikotzat hartu beharko luke Nafarroako Gobernuak; eta horregatik jotzen du sindikatuak ezinbertzekotzat Gobernuaren esku-hartzea, proiektu bideragarri bat bermatu nahi bada eta lanpostuak iraunarazi nahi badira, bederen.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.