2018-05-08 10:04

Epaian xehetasunez azalduta agertzen dira enpresaren saiakerak enpresa-batzordeari zilegitasuna kentzeko, eta langileak hitzarmen bat onartzera behartzeko, eskubide-murrizketa batekin. Hori dela-eta, enpresa kondenatu da 800 euro batzordeari ordaintzera, kalte moralagatik.

Epaiak dioenez Zuzendaritzak bost jakinarazpen bidali zizkien langileei. Gainera foileto bat ere zabaldu zuen, “Elkarrekin jarraituko dugu bidaian?” izenekoa, Mercedesek DHLrekin duen kontratua bertan behera uzteko arriskua ohartarazteko. Eta bilerak egin zituen, 20 laguneko taldeetan, Giza Baliabideen arduradunaren gidaritzapean. Era berean, epaian frogatutzat jo du “kudeatzailearekin gosaltzen” delako saioez baliatu zela enpresa, 3 eta 10 bitarteko laguneko taldeetan, hitzarmenaren negoziazioei buruzko ikuspegi lerratua emateko asmoz.

Zuzendaritzak “ospearen hall-a” ere sustatu zuen, batzordeari modu anonimoan eraso ahal izateko; eta baita hitzaldi batzuk ere (“One to one”); beti ere alderdi sozialaren izen onaren kaltetan.

Epaiaren arabera jarduketa horien “azken helburua langileen ordezkariak ahultzea izan dela, eta ordezkaritza-organoaren zilegitasuna kendu nahi izan zaiola langileen aurrean”. Era berean, jarduketa horien helburua “langileei informatzea ez ezik, langileen legezko organo solaskidea ahultzea eta bazter uztea ere izan liteke”.

Hala eta guztiz ere, DHL-EXELeko langileek, xantaia eta guzti, oso hitzarmen ona lortu zutela azpimarratzen du ELAk.

Zoritxarrez, enpresa horretan gertaturikoa Euskal Herriko enpresetara hedatzen ari da. “Lan-harremanetarako eredu berria” delakoa, Adegik eta Confebaskek sustatu dutena, eta kooperatiben mundutik sorturiko beste eredu batzuk jatorri beretik datoz: langileei antolakuntza-eskubidea ukatzea. Ez dago ezer neoliberalagorik jarrera hori baino. Gure aldetik bide sindikalak eta juridikoak erabiliko ditugu lan-harreman zuzenagoak bermatze aldera, langileen eta demokratikoki hautaturiko ordezkarien eskubideak errespetarazteko.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.