2018-07-12 10:12
ELAk DIA supermerkatu katearen praktika sistematikoa salatu nahi du: enpresak bajan dauden eta egon berri diren langileak sistematikoki kaleratzen ditu, langileon duintasunaren aurka joz. Horregatik eta esplotazioarekin amaitzea eskatzeko, Gipuzkoako supermerkatuetako langileek lanuztea egingo dute gaur, uztailaren 12an.

Azkenaldian DIAko supermerkatuetan hedatu den praktika salatu nahi da gaurko lanuztearekin. Izan ere, praktika sistematikoa da aldi baterako lan ezintasunarengatik langileak kaleratzea, inongo oinarri legalik izan gabe ere.

DIAn ELAk duen ordezkaritza sindikalaren arabera, eskandalagarriak dira bajan egonda edo bajan egotetik hurbil izan diren kaleratzeen zifrak: esaterako, Nafarroan 2017an izandako kaleratzeen ia % 90a izan zen egoera honetan. Hala, kasu hauetan kaleratze eskutitzak patroi berbera segitzen dute, termino berberak jasotzen dituzte.
ELAren iritziz enpresak langileen Duintasunerako Eskubidea urratzen du. Zorrotz diseinatu eta planifikatutako praktika enpresariala da, baja medikoak izatea zigortzea nahi duena.

Horregatik guztiagatik, ELAk uztailaren 12an lanuztea egitera deitu du, 11:30 eta 12:30 bitartean.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.