2018-05-25 08:33
Eraikuntza eta herrilanetako sektorean greba deialdia gero eta hurbilagoa delarik, Ascongi-Adegi patronalak egin duen proposamena zehazteko dagoen arren, aurrerapausoak atzeman dira. ELAk datorren astelehenean, maiatzak 28, deituko ditu sektoreko delegatuak proposamenari buruzko iritzia eman dezaten.

Hona hemen, besteak beste, egindako proposamenak biltzen duena: soldatetan 500 euro linealeko igoera gehi KPI+0,4 hitzarmenak irauten duen urte bakoitzeko (2018-2021). Horrela, 2009tik hona galdu den eros-ahalmena berreskuratuko litzateke.

Lan erreformaren aurkako blindajeei dagokienez, hitzarmena ez aplikatzeko aukera soilik izango da langileekin akordioa badago, eta lan-baldintzak mantendu egingo dira hitzarmena iraungita ere. Hots, hitzarmenaren ultraaktibitatea mugagabea izango da.

Azken urteetan hitzarmena maiz urratu delarik, alde sindikalak proposatu zuen batzorde bat sortzea hura betetzen dela bermatzeko, eta horrek derrigortu egingo luke enpresa nagusiak, promotorak edo herri-administrazioak kaltetutako langileei zuzenean ordaintzera. Adegik gaur lehenengoz onartu du tresna hau sortzea, zeinak hurbildu egingo gintuzkeen enpresek hitzarmena oso-osorik betetzeko helburura.

ELAren iritziz eduki horiek orain testu bihurtu behar dira, Gipuzkoako eraikuntzako lan baldintzak duintze aldera. ELAk datorren astelehenean deituko ditu sektoreko delegatuak proposamenari buruzko iritzia eman dezaten.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.