2018-04-16 09:24

ELA, UGT, LAB eta CCOO sindikatuen oharra:

Sindikatuok gure desadostasuna agertu diogu Lanbideren bulegoetan ezartzen ari den arreta-eredu berriari, zuzendaritzak bere kabuz eman dituen pausoak ikusi, eta erakunde honetako langileen oinarrizko eskubideak urratzen direla konturatu ondoren.

Eredu berriak aldaketa nabarmenak eragingo ditu langile askoren lan-baldintzetan, eta ez ditu aintzat hartuko hainbat puntu: indarrean dagoen Lanpostu Zerrenda; lanpostuen monografiak; lan-kargen banaketa orekatua; edota bulegoetako lurralde-ordezkaritzetako eta zerbitzu zentraletako pertsonalaren zereginak. Zerbitzuaren kalitatea ere kaltetu egingo da, herritarren txarrerako.

Lau sindikatuok gauza bera eskatu dugu: eredu berriaren ezarpena bertan behera uztea eta negoziazio bat “hasieratik” egitea, Lanbideren beharrizanak aztertzeko. Lanbide enpleguaren zerbitzu publikoa da, baina haren arduradunek ahazturik omen daukate.

Horregatik, sindikatuok elkarrizketak izan ditugu Legebiltzarreko zenbait talderekin, Lanbideko Zuzendaritzarekin eta Enplegu Sailarekin. Tamalez, eredu berriaren ezarpenak aurrera darrai oraingoz, eta gure eskariei entzungor egin diete.

Bilera bat izan dugu Lakuan Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuordearekin eta Lanbideko zuzendariarekin, ea langileen ordezkarien eskariak aintzat hartuko dituzten galdetzeko, eta ea administrazioek sindikatuekin negoziatzeko borondatea agertzen duten. Bileratik atera dugun ondorioa zera da: ez dute asmorik arreta-eredu berriaren ezarpena gelditzeko.

Lanbidek eta EJk argi dute arreta-eredu berria abian jartzeko bidean, ez dituztela langile gehienak aldeko izango, ezta sindikatu bat bera ere.

Sindikatuok berresten diegu gure eskaria: Arreta-eredu berriaren ezarpena gelditzea eta benetako negoziazio-prozesu bati ekitea.

Horretarako, dei egingo diegu Lanbideko langileei gero eta mobilizazio handiagoetara, harik eta Lanbideko zuzendaritzak eredu berri eta ezin txarrago horren ezarpena gelditu eta langileen ordezkariekin negoziazioak hasten dituen arte.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.