2018-06-02 14:11
Alternatiben Herria ireki egin da goizeko 10etan, irekiera-ekitaldi baten bidez Takonerako Vistabellan. Ekitaldi horretan, dozenaka lagun eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren eragileek (gaurko ekimenaren antolatzailea) Kapitalari 13 Zaska izeneko konpromisoen zerrenda sinatu dute (dokumentua eransten dugu). Hauexek dira, besteak beste: kontsumo arduratsua, bizikletaren erabilera, hondakinen murrizketa eta berrerabilera, euskararen ofizialtasuna, txanpon sozialak, zaintza-lanak banaketa, ondasunaren banaketa eta abar.

Jarraian, autobus geltoki zaharrean, Sustrai Colina bertsolariak jardunaldiaren hasiera kultural eta aldarrikatzailea egin du. Dena den, egitarau zabal eta anitzaren lehen ekitaldiak besterik ez dira izan. Iruñeko erdigunea jendez beteta egon da goiz osoan, Alternatiben Herriaren hitzaldi eta ekitaldietan parte hartzen.
Jakina denez, sei auzo prestatu dira atal tematiko gisa: Auzoekonomia (Geltoki), Arragoa (San Frantzisko plaza), Herriak eta Lurra (Kondestable, Santa Ana, Piparrika), Burujabetza (Errekoletak), Bizi Anitzak eta Duinak (Nabarreria) eta Haurren Errepublika (O plaza).
Gainera, egun osoan zehar, Vistabellan ezarritako karpan izanen dira hitzaldiak, kontzertuak, taberna, garagardo eta gazten azoka, herri bazkaria, ekotaloak eta abar.
Arratsaldean, eta beste ekitaldien artean, kafe-tertulia bat izango da Piparrika Baratzean (16etan, Nafarroako Hiri Baratzen topaketa) eta ordu berean “Bost errezeta burujabetza prozesu baterako” izeneko mahai-ingurua gauzatuko da Errekoleten plazan. Arratsaldeko 17etan, Nafarroako Artxibategi Nagusitik kalejira feminista abiatuko da, Alternatiben Herriaren auzo guztiak bisitatzeko eta Vistabellako karpan bukatzeko. Bertan, 20.30etatik aurrera rock kontzertua hasiko da (The Sustraians, Koban, Emma Maurice), Iruñeko Alternatiben Herriaren amaiera ematen. Oso egun bizia eta aldarrikatzailea izaten ari da, eta horretan jarraituko du datozen orduetan. alternatiba (prob)

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.