2018-03-14 12:48

Unibertsitatez kanpoko Hezkuntza Publikoan ia 28.000 langile (irakasle, heziketa bereziko langile, sukaldari eta garbitzaile) eta Haurreskolak Partzuergoan 1.200dik gora langile zeuden deiturik gaurkoan grebara.

Grebak oso jarraipen zabala izan du kolektibo guztietan, nahiz eta apalagoa izan Haurreskolak Partzuergoan. Irakasleen %75ek eman dio babesa grebari, Sukaldari eta Garbitzaileen artean %65ek, Heziketa Berezian hezitzaileen %60k eta Haurreskolak Partzuergoan hezitzaile eta langileen %30ak.

Azken hilabeteetan Jaurlaritzak greba eta mobilizazioa neutralizatu eta zapuzteko saiakera gogorra egin du, grebak eta egoerari buelta emateko aldarrikapena egiten dugunok kriminalizatuz edo negoziaketa itxura eman asmoz edukirik gabeko mahaiak deituz. Estrategia horrek sindikaturen baten babesa ere izan du, aldarrikapenei erantzun ez arren, Jaurlaritzaren proposamenei oniritzia emanez eta zenbait sektoretan grebak eta mobilizazioak bertan behera utziz. Baina gaurkoan hezkuntza publikoko sektore ezberdinetako langileen gehiengo zabalak argi erakutsi dute Jaurlaritzaren proposamenak ez dituztela nahikotzat jotzen, ez diotelako hezkuntza publikoko sektore bakoitzak dituen arazo larrienei erantzuten ez eta aplikatutako murrizketak atzera botatzen ere.

Azkeneko bi ikasturtetan eremu hauetan egin den seigarren greba eguna izan da gaurkoa eta, LABek emandako pausoek langileen artean nahasmena sortu eta egoera zaildu duten arren, grebak oso jarraipen zabala izan du sektore guztietan eta gaurkoan ere milaka izan dira deitutako mobilizazioetan parte hartu duten langileak. Hezkuntza publiko inbertsioa, plantilak eta baliabideak handitzea, onartezinak diren behin-behinekotasun mailak eta gelako ikasle kopurua murriztea, eta soldatetan, ordezkapenetan, bajetan, erretiroan eta gainerako lan baldintzetan ezarritako murrizketak alde batera uztea exijitu dute beste behin ere. Hezkuntza eta ikasleak euskalduntzean aurrerapausoak emango dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea eta, LOMCE eta Heziberri zein hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera utziz, hezkuntza berdintasuna, justizia soziala, integrazioa eta gizarte kohesioa bermatzeko oinarrizko tresna izatea ere aldarrikatu dute gaurkoan.

Garbi dago Hezkuntza Saila mugi araztea lortu dugula eta hau abian jarritako greba eta mobilizazioen ondorio izan dela. Hau horrela izanik, Jaurlaritzak gure aldarrikapenei erantzungo dioten neurriak mahai gainean jarri arte ELAk mobilizazio eta grebak bultzatzen jarraituko du.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.