2018-06-22 14:30
2018ko ekainaren 28an, LGTBIQ+ eta Sexu Askapenerako Nazioarteko borroka egunean, ELA sindikatutik emakumeon arteko sexualitatea eta lesbianismoa argitara atera nahi dugu, alegia, ikuSEXzina ikusgai bilakatu. Ohetik lanera, kalera, plazara... lesbianak non-nahi nahi ditugu! Izan ere, sindikalgintzan ere, heteroarautik kanpo kokatzen diren emakumeen gorputz, desio eta aldarrikapenekin bat egiten dugu.

Bizitzaren esparru pribatura bideratu izan da beti emakume eta gizonen sexualitatea eta afektibotasuna, auzi pribatua izango balitz bezala; zeresanik ez, emakumeon sexualitateaz ari garenean; are gehiago, emakume lesbianen arteko harreman sexu-afektiboez ari bagara. Emakumeon sexualitatea, eta, bereziki, emakumeon arteko praktika sexu-afektiboak ezkutuko esparru pribatura bideratzeko presioa ikaragarria da, alegia, ezkutuan mantentzeko presioa.

Zorionez, egun, emakumeon arteko afektibotasuna kalean agerian eta begibistan egon, badago; zailagoa da, ordea, emakumeon arteko adierazpen sexual argiak ikustea espazio publikoan, askori deserosotasuna eragingo dielakoan esparru pribatura bideratzen baitira, alegia, heteroarauak propio hartutako espazio publikotik kanpo.

Emakume asko lagunak baino asko gehiago garela erakusteak ondorioak dauzka, alboko kalteak, eguneroko jendarte heteropatriarkal matxista honetan; lesbofobia indarkeria sexista eta patriarkalaren beste adierazle nabarmena dugu.

Pertsona guztiak heterosexualak garela ziurtzat ematen duen jendarte honetan, lesbofobia oso barneratuta dago. Zenbat aldiz eman duzu ziurtzat aurrean duzun emakumea heterosexuala dela? Zenbatetan, aldiz, planteatu diozu zeure buruari beharbada lesbiana dela? Heteroarauak dena koskistatu du, baita imajinarioa ere.

Bitartean, erregimen heterosexual horretan disidentzia sexualak edo arautik ateratzen diren bestelako sexualitate adierazpenak -batez ere emakumeon artekoak- zigortuak dira. Kultura lesbofoaren adibideak egunero aurkitu ditzakegu: lesbiana izateak alabari sufrimendua eragingo diola baieztatzen duten gurasoak; harreman sexualak koitotik haratago imajinatzeko ezintasuna; edota familia eredu tradizionalarekin homologatu beharra `onartua´ sentitzeko...

Lan munduan ere bada lesbofobiarik, ez pentsa. Zenbat kasutan zeharkako erasoak izanik ere, egunero jasan beharreko erasoak dira, funtsean. Matxismoarekin batera eta honen parte izanik, lesbofobia guztiz barneratua dago jendartean. Honela, esparru pribatura bideratzen den heinean, ez goaz errora, ez dira aintzat hartzen auzi honek muinean dakartzan ondorio politikoak. Armairuan, ezkutuan gorde beharreko afera pribatua izaten jarraitzen du kasu askotan.

Lan merkatua heteropatriarkatuaren beste esparru birsortzaile bat izanik, emakume lesbianen sexualitatea edota estereotipo `femenino´ zein `maskulinoak´ jarraitzeari uko egiten dioten emakume lesbiana askoren gorputzak ezkutatu egiten dira. Beste kasu askotan, gorputz hauek heteronormatibizatu egiten dira, gizarteak, lan merkatuak onartu ditzan. Nola? Bada, “bizitza heterosexualaren” plantak egitera bultzatuz edota `femeninoa´ den emakume baten plantak egitera presionatuz, betiere, onartuak izateko, bizirauteko, finean. Bada, lesbiana izanik, onartua izateko bestelako `trikimailurik´ ere. Izan ere, ironikoa bada ere, ama izateak edo ezkonduta egoteak `fundamentuzko lesbiana´ izateko aukera ematen dizu: lesbiana bai, baina tira, behintzat ama.

Zure lanpostuan jarraitzeko, zure sexualitatea ezkutuan mantendu behar izatea diskriminazio hutsa da. Gehienetan oso zeharka gertatzen diren erasoak dira, beraz, zaila izaten da hautu edo orientazio sexualagatiko diskriminazioa gertatu dela frogatzea.

Gauzak horrela, argi daukagu ezinbestekoa dela orientario sexual edo genero identitate disidenteen lan jazarpena sakon ikertzea, praktikan ematen diren zailtasunak errealitate hauek salatu eta frogatzeko, adibidez kaleratze kasuetan.

Honegatik guztiagatik, atera gaitezen ikuSEXezintasunetik eta bilakatu gaitezen ikusgai, eman ditzagun pausoak egunez egun, ohetik lanera, plazatik sukaldera!

Gorputz eta desio disidenteak heteroaraua apurtuz! Lesbianak

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.