2018-03-07 10:29

LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Jaurlaritzarekin Sukalde eta Garbiketan akordioa sinatu dute. Akordio horrek, inola ere ez die erantzuten sektoreak dituen arazo larrienei. Sektore honen %90a pribatizatuta egonik, ez du gainerako %10aren pribatizazio arriskua ekiditeko inolako neurririk ezta konpromisorik planteatzen, eta ez du behin behinekotasuna %63tik jaitsi eta langileriaren egonkortzea ahalbidetuko luken proposamenik jasotzen. Lan kargen arintzearen inguruan ere ez dago planteamendu eraginkorrik, ez eta funtzioen errekonozimenduak ekarri beharko lukeen kategoria aitortzarik ere. Amaitzeko, eros ahalmenaren berreskurapenari, gaixotasun bajen ez zigortzeari edota erretiroaren inguruko inolako neurririk ez da planteatzen.

Erabateko arrakasta eta jarraipena izan duten greba eta mobilizazioen ondorioz, gobernuak negoziazio mahaiak desbloketatu eta hainbat eduki partzial jarri ditu mahai gainean, dieta eta bazkaltiar kopuruaren araberako ordu kreditu gehigarriak eta prestakuntza eta euskalduntze programan hobekuntza, esaterako. Eduki hauek ordea, 2010 geroztik ezarritako murrizketei buelta ematetik eta gure oinarrizko aldarrikapenetatik oso urrun daude. Akordioak beraz, inola ere ez dio sektoreko egoera larriari erantzuten, gobernuaren abenduko proposamenarekiko ez du aldaketarik suposatzen eta azken urteetan ezarritako murrizketa nagusiak mantentzen ditu.

Abendutik hona, Eusko Jaurlaritzak greba eta mobilizazioa kriminalizatzeko saiakera besterik ez du egin, familiak bahitzea leporatuz eta hezkuntza publikoa kaltetzea egotziz. Inolako edukirik gabeko negoziazio mahai edo mahai parekideak deitu ditu, negoziazio itxura eman asmoz.

Testuinguru honetan, ELAri tamalgarria, ikuspegi sindikaletik ulertezina eta guztiz arduragabea iruditzen zaio LABek, azken hilabete luzeetan masiboki 5 greba egin eta kalera atera diren ehunka sukaldari eta garbitzaileri birkarra eman eta gure aldarrikapenei inola ere erantzuten ez dion akordioa sinatu izana. Are larriagoa LABek jaurlaritzaren estrategia hau babestea, Urkullu eta Uriarteren gobernuak berak aldebakarrez ezarritako murrizketak ere berreskuratzen ez dituen akordioa izanik eta jaurlaritzak, nahi izanez gero, aldebakarrez ezar zitzakeenean.

Hau honela, ELAk balio handia ematen dio langileek orain arte eginiko borrokari. Borroka horren ondorio izan da mahaiak desblokeatu izana eta Eusko Jaurlaritza mugitzen hastera behartzea. Horregatik, sindikatuarentzat inoiz baino garrantzitsuagoa da greba eta mobilizazioei jarraipena ematea, sektorearen egoera larriari eta gure aldarrikapenei erantzuna ematera behartzeko. Honegatik guztiagatik, ELArentzat garrantzia berezia hartzen dute martxoaren 14 eta 15 greba egunek. Eta, hezkuntzako gainerako langileekin batera, sukaldari eta garbitzaileei dei egiten die grebetan eta antolatuko ditugun mobilizazioetan parte hartzera.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.