2018-01-31 18:36

Proposamen berririk gabe azaldu da gaurkoan negoziazio mahaira Hezkutza Saila. Jarrera honek argi uzten digu beste behin administraziok ez duela sektore bi hauetako arazo larriei konponbidea aurkitzeko benetako asmo zintzorik. Abenduan publikoa egin genuen balorazioan, argi esan genuen egindako azken proposamenek ez ziotela sukalde eta garbiketako langileen kolektiboek pairatzen duten lan egoera larriari konponbiderik ematen eta gaurkoan, fundamentuzko proposamen berriak egin beharrean, Sailak bere horretan mantendu egin du aurreko proposamena, aldaketarik gabe. Otsaileko bigarren astean beste mahai bat deitzeko asmoa duela jakinarazi digun arren, ez du abenduan egindako edukietatik haratago joateko asmorik agertu.

Gauzak horrela, abenduko proposamenaren inguruan egindako balorazioa gogora ekarri beharko dugu labur baldin bada ere:

Behin-behinekotasuna eta pribatizazioa: askotan azpimarratu dugun moduan, sukaldarien artean behin-behinekotasuna %62koa (291 behin-behineko) eta garbitzaileen artean %66koa (221 behin-behineko). Jaurlaritzak, hala ere, ez zuen abenduan lanpostu hauek egonkortzeko proposamenik egin. Abenduan EPE bat lantzeko prest legokeela errepikatzen zuen arren, ez zuen zehaztasunik egin ez plaza kopuru, ez epemuga, ez baldintzei dagokionez ere. Askotan errepikatu dugu bi sektore hauen pribatizazioa ekiditzeko ezinbestekoa dela azken hamarkada luzeetan behin-behinekotasunean lan egitera behartuak izan diren langileak egonkortuko dituen plan bat abian jartzea, sindikatuokin adostutakoa eta langile hauen lanpostuak eta lan baldintzak bermatuko dituena.

Lanpostu zerrenda: Hezkuntza Sailak, legeak dionaren kontra, lanaldi osokoak ez diren kontratu bidez betetzen ditu Lanpostu zerrendako lanpostu ugari. Egoera hau aztertzeko konpromisoa hartu zuen abenduko bileran baina aurrekoan esan genuen moduan ez zuen ziurtatu irregulartasun hau zuzendu eta lanaldi osoko lanpostu bihurtuko dituenik. Bestalde, lanpostu zerrendatik kanpo dituen egiturazkoak diren 150 lanpostutik gora lanpostu zerrendan azaleratzeko inolako borondaterik ez zuen agertu. Iruzurrrezkoak diren “laguntza kontratu” bidez egiturazko 50 lanpostutik gora daude egun kolektibo hauetan, hauetatik 30 inguru soilik lanpostu zerrendan isladatzea planteatu zuen Jaurlaritzak, gainerakoak iruzurrean mantenduz.

Lan kargak: Azken urteetan etengabe hazi diren lan-kargak arintzeko proposamen gisa, dieta bereziak daudenean ordu kreditu gehigarriak ezartzeko proposamena egin zuen abenduan administrazioak (5 dieta berezi desberdinekin ordu kreditu gehigarri bat eguneko, 6 eta 10 dieta berezi bitarte 2 ordu eta 10etik gora 3 ordu gehigarri). ELAtik 20 dieta berezi desberdinetik gorako kasuetan 4 ordu gehigarri eskatu genituen eta dieta berezi bakoitzeko 10 bazkaltiarretik gora ordu kreditu bat gehitzea. Jakien eta APPCCak egiteko ere ordu kreditu gehigarri bat eskatu dugu. Garbitzaileen kasuan Lan Hitzarmenak jadanik jasota duen lanaldiko 1.240 m2 ratioa gainditzen den kasuetan edo Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuetan, hitzarmena betetzeko asmoa besterik ez zuen adierazi Jaurlaritzak, metrajea jeisteko edo metro kubikoen araberako ratioak ezartzeko planteamendurik egin gabe.

Formazioa, funtzioak eta eroste ahalmena: Formazioari dagokionez aspalditik heldu beharreko betebeharrari erantzun besterik ez zuen egin, 2018-2020 urteetarako formakuntza gai desberdinak proposatuz (formazio teknikoa, lan osasuna, euskalduntzea...). Funtzioen aitortza eta kategoria hobetzearen inguruan berriz, asmo onak besterik ez zituen adierazi administrazioak, Batzorde Parekidera desbideratuz gaia. Eroste ahalmenaren berreskurapena, gaixotasun bajak, ordezkapenak edo errelebo kontratua negoziaziotik kanpo utzi ditu berriro ere hezkuntza Sailak.

Guzti honen ondorioz, beste behin argi geratu zaigu egoera larri honi buelta emateko greba eta mobilizazioak indartzea beste biderik ez digula uzten Sailak, eta ikasturte honen amaierarako proposatu dugun mobilizazio eta greba egutegiarekin aurrera jarraitzea ezinbestekoa dela benetako negoziazio bat lortzeko.







 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.