2018-07-03 08:43
FOSECO ESPAÃ'OLA, S.A. enpresak Izurtza eta Igorren dituen lantegietako langile asanbladak, Enpresa Batzordearen bitartez (ELA, LAB eta plataforma independente batez osatua denak), greba mugagabea deitu du. Uztailaren 5ean hasiko den grebaren helburua lanpostuak mantenduko dituen eta etorkizun industriala bermatuko duen bideragarritasun plana lortzea da.

Enpresa batzordea, enpresa zuzendaritza eta VESUVIUS taldeko ordezkariekin (gogoratu Foseco talde honen partaide dela) hiru aldiz bildu ostean, langilegoaren etorkizun hurbilari buruz dauden zalantzak ez dira argitzen.

Zuzendaritzak produkzioa lekualdatu nahi du, eta enpresa batzordeak baditu horren bueltako datuak. Kaleratzeak ekarriko lituzke lekualdatzeak, eta orain arte, zuzendaritzak ez du kontrakorik esan. Era berean, ez ditu egungo lanpostuak bermatu, ezta epe motzera ere.

Honengatik guztiarengatik, langile asanbladak iragan ostiralean greba mugagabea deitzea erabaki zuen. Greba hurrengo ostegunean, uztailaren 5ean, goizeko 06:00etan abiatuko da, lanpostu guztiak eta etorkizun industriala bermatuko duen bideragarritasun plan baten alde.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.