2018-05-24 14:03
ELAk berriro dio: arazoa ez da mahaiak sortzea, edota gobernu eta sindikatuen arteko interlokuzioa, eduki ezak baizik. Kontseilua eta honen irudia bera bihurtzen da helburu, hau baliatu egin nahi baita arreta benetako arazoetatik urruntzeko eta langile-klasea nahasteko.

ELAk bere kezka eta arbuioa adierazi du UPN, PSN, PP, I-E eta GBAI-k alderdiek, kontrako bozka edo asbstentzioaren bitartez, erabaki dutelako Elkarrizketa Sozialeko Kontseiluari jarraipena ematea, hots, agortuta eta zaharkituta dagoen erakunde bat iraunaraztea.

Gogoratu beharra dago arlo honetan berandu bada ere erabaki zuzen batzuk hartu zirela, esaterako bertan behera geratu zirela UGT, CCOO eta CENekin egiten ziren hitzarmen nominalak (zuzenean jasotzen zituzten dirulaguntzekin sindikatuek ohiko gastuak ordaintzen zituzten, adibidez nominak eta lokalak), baina aldaketa helburu dutenentzat ez du ez hanka ez bururik Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluari berriro heltzeak.

Izan ere, Barkosen gobernuak, UGT, CCOO eta CENekin Kontseilu horri jarraipena emateko adostu zuen dokumentuaren bidez, aintzat hartzen baitu eredu klientelar, alferreko eta baztertzaile bat, zeina Sanzen eta Barcinaren gobernuek hogei urtez inposatu zuten, eta areago, aipatutako sindikatuei eta patronalari botere betearazlea ematen die aurrekontu publikoei buruz erabakiak hartzeko.

ELAk berriro dio: arazoa ez da mahaiak sortzea, edota gobernu eta sindikatuen arteko interlokuzioa, edukiak baizik. Nafarroako Parlamentuak duela gutxi erabaki duen Kontratu publikoen Legeak agerian utzi du behar dena ez direla halako organoak: aski da lan- eta gizarte-arloko aldarrikapenak kontutan hartzeko borondatea izatea.

Gobernuak ez du erabaki ausartik hartu nahi hainbat gaitan: Lan Osasuna, enpleguaren kalitatea, soldaten hobekuntza, arlo publikoaren sustapena edota aberastasunaren banaketa. Horregatik, patronala, sindikatuak eta exekutiboa biltzen dituen argazki baten bila dabil. Eta azkenean argazkia bera bihurtzen da helburu, hau baliatu egin nahi baita arreta benetako arazoetatik urruntzeko eta langile-klasea nahasteko.

Nafarroako “Elkarrizketa Sozial” delakoaren eta Enplegu Planen ibilbidea, gobernuek, UGTk, CCOOk eta CENek bultzatu duten sistema horrena alegia, diru publikoa nola xahutu den kontatzen duen istorioa da, milioika jaso baitituzte dirulaguntzetan enpresek, patronalak eta aipatutako bi sindikatuek.

Norabide horretan tematzea hankasartze politiko izugarria da; horregatik, sindikatu honek -azken urteetan egin duen bezala- bere esku dagoena baliatuko du horri aurre egiteko.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.