2018-03-27 10:07

-Azpikontrata publikoak zergatik dira borroka sindikaleko sektore estrategikoa?

-Zerbitzuetako Federazioa lan-prekarietateko behatokia da. Osagai guztiak biltzen dira bertan: estatu-hitzarmenak baldintza ziztrinekin, denbora partzialeko kontratuak ia beti emakumeentzakoak, arlo pribatuko azpikontratazioa, outsourcing (lan-esplotazioko modu berria), arlo publikoko azpikontratak gero eta prekarioagoak... Azpikontrata publikoetan lan-prekarietatea nagusitu da, eta hor emakume asko eta asko aritzen dira.

ELAk bi Legegintzako Herri Ekimen abiarazi zituen 2014an, esparru horretako 50.000 langile ingururen baldintzak duintzeko. Gure asmoa gutxienezko baldintza batzuk legez babestea zen: subrogazioa (enplegua egonkortzeko baliabide gisa), hitzarmen aplikagarria gutxienez sektore-hitzarmena izatea bermatzea, eta betetzen ez zuten enpresentzat zigorrak ezartzea. Eta ez zen modurik izan, EAEko legebiltzarreko gehiengoak ezetza eman baitzion LHEari, eta Nafarroan onetsi zen ekimenetik kanpo utzi zen multzo handi bat, azpikontrata publikoena.

-Nolako eragina dute administrazio publikoen murrizketa-politikek?

-Administrazioen erabakiek oso eragin bortitza dute azpikotratetako langileen baldintzetan. Politika horrek zerbitzuak oso prezio merkeetan ematea sustatzen du. Prezioa lehenesten da, zerbitzuaren kalitatea eta lan-baldintzak baino; eta horrek oso ondorio kaltegarriak dakartza: lanpostua galtzea subrogaziorik ez duten sektoreetako enpresa kudeatzaileak aldatzeagatik, berez murriztuak diren lanaldiak are gehiago murriztea, sektore-hitzarmen kolektiboa ez aplikatzea oso soldata txikiak dituzten enpresa-hitzarmenak bultzatzeko, lanaldi oso luzeak eta gizarte-estaldura murritzak... Helburua prekarietateari aurre egitea da lantokiz lantoki, erakundez erakunde eta azpikontrataz azpikontrata.

-Ezin dugu ahaztu azken erantzulea administrazioa dela...

-Bera da kontratugile nagusia, berak erabakitzen du halako zerbitzu bat azpikontratatuko den edo ez, eta zein baldintzatan emango den (prezioa), eta zein enpresak hartuko duen esleipena. Eta enpresa hartzaile askoren kalitate etikoa eta langileei ezarritako baldintzak negargarriak dira. Eta txarrena da arduradun politikoek hori baimentzen dutela.

-Azpikontratetan interes ekonomiko eta politiko asko dago jokoan...

-Negozio handi bat da, enpresa bakan batzuen artean banatzen dena, sektorearen arabera. Negozio hori diru publikoaz hornitzen da, eta esparru horietan negozioaren abaroan bezero-sareak, enplegu-banaketa eta kudeaketa hazi dira. Horregatik esparru publikoko azpikontrataren batean gatazka bat sortzen denean, guk badakigu, lan-baldintzez gain, bestelako interesak ere baditugula aurrean. Esparru horietako grebak gogorrak izaten dira, luzeegiak batzuetan. Horregatik dira hain zailak.

-ELAk bakarrean egiten du borroka hori gehienetan, zergatik?

- Borroka horretarako antolakunde sendo bat behar da, diskurtsoa eta praktika dituena. Eta beharrezkoa da erresistentzia-kutxa izatea, langileek gatazka luzea jasan ahal izateko. Alde horretatik gogoratu behar dugu sektore horiek oso prekarioak direla, eta gizatalde horiek ez dutela aurrezki handirik.

-Badira oinarrizko gauza batzuk, besteak beste, lanpostuan irautea kontrata beste enpresa bati esleitu arren -subrogazioa-, oraindik ere hitzarmen askoren negoziazioetako koska dena.

-Orain dela berrogei urte baino okerrago gaude. Kontratu Publikoen Lege berriak subrogazioa arautzeko aukerak mugatzen ditu, ez badago jasota kasuan kasuko sektore-hitzaremenean. Esparru politikotik enplegu egonkorrerako eskubidea inausten da administrazioaren menpean dagoen guztirako.

Bestalde, enpresa handiek gero eta zerbitzu gehiago esternalizatzen dituzte, enplegu egonkorra bermatu barik. Hor ditugu Petronor, Iberdrola edo Kutxabank, non haientzat aritzen den pertsonala gehiago den, plantillako pertsonala baino. Kaltetuen atera den sektoreetako bat Bulego eta Langeletakoa da, eta baita Zerbitzu Laguntzaileetakoa ere. Gaur langile horiek negoziazio kolektiboan eskatzen dituzten puntuen artean, kontrata-aldaketetan enplegua mantentzeko eskubidea dago.

-Nafarroako Parlamentuak, aldiz, bai onetsi zuela ELAren LHEa, baina azpikontrata publikoetako mota bat kanpo geratu zen. Hori zuzendu nahi izan dute Kontratu Publikoen Legearen bidez. Baikorra al zara alde horretatik?

-Ez. Hor ere Aldaketaren gobernuak frogatu behar du delako aldaketa hori benetakoa dela; egintzen bidez, eta ez soilik jendaurrean itxurak eginez edo hitz ederrak esanez. Administrazioaren zerbitzu-kontratuak kanpo geratu ziren onetsitako LHEtik. Puntu hori aspalditxotik ari izan gara negoziatzen lau alderdiko gobernuarekin. Eta, egia esateko, hitz ederrak entzuten ditugu, baina besterik ez. Urrutira joan gabe, Nafarroako Parlamentuko Ogasun eta Finantza Politikaren Batzordeak legegintza-batzorde bat eratzea onetsi zuen otsailaren 28an, Nafarroako Kontratu Publikoen Foru Legearen proiektua aztertzeko. Lege horren izapidetzea Parlamentuan gelditzea erabaki dute, eta batzordean aritzea; hori dela-eta, ez dugu itxaropen handirik azken emaitzaz. Adar jotze hutsa iruditu zaigu.

 

Gatazka aipagarriak

Zerbitzuak Federazioak erronka handi bat dauka azpikontratazio publikoan, gaur egun lan-prekarietateko zulo beltza bilakatu baita. Federazio horretatik bideratu diren azken gatazkak eta grebak errepasatuz gero, berehala konturatuko gara gehien-gehienak azpikontratazio publikoaren esparruan sortu direla: Arte Ederretako Museoa, Zarauzko garbiketak eta kiroldegia, Nafarroako kiroldegiak, Arabako kiroldegiak, Erandioko kiroldegia, Eskumaldeko udaletako kale-garbiketa eta lorazaintza, Ezkerraldeko udaletako kale-garbiketa, Euskalduna jauregia, Tolosaldea Bus, Errenteriako TAO/OTA, Bilboko TAO/OTA...

Haietan guztietan (baten bat oraindik amaitu barik), ELAk oso hitzarmen onak eta soldata-igoera handiak lortu ditu. Garaipen horien gakoak sindikatuaren arreta eta erresistentzia-kutxa izan dira, horrela gatazkan irauteko modua izan dute. Erabakigarriak izan dira, halaber, hedabideetan lortu duten oihartzuna eta abagunea. Ez da nahikoa arrazoia izatea, estrategia ere funtsezkoa da.

Bilboko TAO: Bilboko TAOren gatazkan bi enpresa pirataz osaturiko UTE horrek –EYSA eta CYCASA– kalera bidalitako zazpi langileak bahitu gisa erabili ditu negoziazioan. Erabateko xantaia izan da, jendea lau urte gehiago onartzera behartzeko, ordura arteko soldata-izozketaren sei urteei gehitu beharrekoak. Negoziazioaren testuinguru horretan, eta egiten zen xantaia bistakoa izan arren, ez Bilboko Udalak, ez Eusko Jaurlaritzak, ez dute zirkinik ere egin langileen alde.

Erandioko kiroldegia: Lau hilabete baino gehiagoko greba daramate, oso eskaera oinarrizkoen bila: enpresa-hitzarmen bat negoziatzea kontratuak hobetzeko, orduak finkatzea, lan-osasuna zaintzea, lanaldien arteko atsedenaldia arautzea... Borrokak, hala ere, luze joko omen du. Kudeatzaile horrek ez du negoziatu gura, eta udalak ez du horretara behartzen, kiroldegiko bazkideen %25ek baino gehiagok baja eman badute ere.

Tolosaldea Bus: Urtarrilaren 27tik daude greban enpresa horretako langileak, enpresa-hitzarmen bat eskatzen, lan-baldintzak duintzeko asmoz. Lan egiteko dituzten baldintzen prekarietatea arriskugarria da berentzat eta linea horietako erabiltzaileentzat. Langileek salatu dutenez, enpresak ez ditu betetzen lizitazioaren baldintza-orriak; baina, hala ere, Tolosako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ez dute arazoan esku hartzen. Eta hori gutxi balitz bezala, enpresaren aldeko jarrera hartu dute zuzenean, gutxienezko zerbitzuak eskatuz eta grebagatik enpresak eskaintzen ez dituen zerbitzuak ordainduz. Hori horrela, enpresa bere horretan tematu da, horrela jokatuz oso atarramendu ona ateratzen baitu.



Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.