2018-01-23 16:07

Gogoratu beharra dago Eusko Jaurlaritzak 2012an erabaki zuela Herri-Administrazioko langileen Lan Hitzarmenari dagozkion ekarpenak ez egitea, eta ordutik hona ez duela euro bat ere jarri. Izan ere, orain arte aipatu izan du Estatuko legeak galarazi egiten zituela ekarpen horiek. Haatik, gaurko erabakiarekin agerian geratu da hura aitzakia besterik ez zela, legea aldatu gabe eta alde bakarreko erabakiz ekarpena egitea ebatzi baitu, modu partzialean bada ere.

Beraz, konfirmatu egin da ELAk 2012tik aurrera eta, batez ere, 2014tik hona esan izan duena (urte hartan estatuko lege bera indarrean izanik udalek eta foru aldundiek Elkarkidetzarako ekarpenak berreskuratu zituzten): borondate politikorik ez izatea da arrazoia arlo publikoan diharduten milaka langileek lan hitzarmenaren arabera ordaindu behar zaien kopurua jaso ez zezaten.

Urteotan ELAk behin eta berriz esan du Itzarrirako ekarpenik ez egitea ez zela zuzena. Itzarriko Gobernu Batzordean eta Batzar Nagusian salatzeaz gainera, sindikatuak Jaurlaritzari berari galdegin izan dio ekarpena egiteko, eta auzitara ere jo du hori lortu nahian. Bost urte igaro direnean gobernuak, ekarpenen zati bat egiten berriz hasteko erabakia hartu duelarik, izatez aitortzen du urte hauetan langileen dirua beste xede batzutarako erabili duela, bere lehentasun politikoen baitan.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.