2018-03-12 13:00

Azken urteotan, antolamendu-lan handia eginez, milaka metalgileri baldintzak hobetzea lortu dugu, enpresa-hitzarmenen bidez, eta M. Rajoyren erreforma alboratuz. Baina zoritxarrez enpresa askotan ez dira soldatak igo azken urteotan, eta Metal Hitzarmen probintziala aplikatzen jarraitzen dute, oso eduki eskasak izan arren. Martxoaren 12an, urteak pasa eta gero, lehendabiziko bilera formala eduki dugu. ELAk plataforma bat aurkeztu du, eta negoziazioaren aurrean alderdi batzuk azpimarratu nahiko genituzke:

  • Patronalak ez digu oparirik emango. Diruzalekeria du ezaugarri nagusi. Dela enpresa-negoziazioan, dela sektore-mailako negoziazioan, antolakuntzarik eta borrokarik gabe ez dugu baldintza zuzenik lortuko.

  • Gure ustez, orain abagunea da soldata-igoera nabarmen eta orokor bat eskatzeko. Azken urteotan ez dugu soldata-igoerarik izan, eta KPIak urtez urte metatu dira. Hori dela-eta, 2018ko urtarrilaren 1erako, %5’5eko igoera eskatu dugu. Kontuan izanik sektorearen egoera bikaina dela, datozen urteei begira KPI+3 tankerako igoerak proposatu ditugu.

  • Lanaldia laburtzeko, eta gure sektorean hain erroturik dagoen prekarietatea ezabatzeko neurriak proposatu ditugu. Batez ere, metaleko sektorerik prekarioenetan diharduten lankideen subrogazio-eskubidea eskatuko dugu lehentasunez. Lan erreformaren aplikazioa ezinezkoa bihurtzeko artikulatua ere ere planteatu dugu.

  • Patronalari eta gainerako sindikatuei azaldu diegu Bizkaiko metalgileen baldintzak hemen negoziatu behar direla. Estatuko hitzarmenek pobrezia besterik ez dute eragingo ; horregatik, gure baldintzak ez dira Madrilen negoziatu behar.

  • Gure ustez, ezinbestekoa da, halaber, metalgileen borondate demokratikoa errespetatzea. Patronalak jakin behar du hitzarmen berri bat sinatu ahal izateko beharrezkoa dela ordezkaritza sindikalaren %51arekin adostea. Hori da demokrazia errespetatzea. Baliozkoa baldin bada gutxiengoarekin adostea, Patronalak sindikaturik merkeenekin hitzartuko du, eta oraingoak bezalako egoerak izango ditugu, non enpresari bakoitzak gogokoen duena hautatzen duen: 2003ko hitzarmena aplikatzea edo 2011ko gutxiengoko akordioa aplikatzea.

Tamalez, gaur ere guk eskatutakoari ez Patronalak eta ezta CCOO eta UGTk ez diote baiezkorik eman. Hauek Hitzarmen Estatalen aldeko apostuarekin mantentzen dira;eta honek bakarrik lan baldintzak uniformizatzea eta okertzea du helburu. Gainera, ez dute inongo konpromisorik hartu gutxiengoan ez sinatzeko, eta, ondorioz, ahuldu egiten dute benetako hitzarmen sektorial duina nahi dugunon posizioa.

Ez dugu ahaztu behar enpresetan lortzen diren etekinak, gure lanari esker sortzen direla. Aberastasunaren banaketa gero eta desberdintasun handiagoz egiten da. Bizkaiko Metala zuzenagoa izan behar da, eta sektorean lan egiten dugunon eskubideak errespetatu behar dira. Guri dagokigu gure eskubideen aldeko borroka antolatzea.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.