2018-02-07 16:29

Zapateroren Gobernuaren 2011ko lan-erreformak bide ematen die estatu-esparruko hitzarmenei negoziazio-gai jakin batzuk haientzat erreserbatzeko, eta sektoreko probintzia-hitzarmenetan ezarritakoa guztiz edo zati batez deuseztatzeko. Bada, lan erreforma horretaz baliatzen ari dira UGT, CCOO eta Patronalak estatu-hitzarmenak Madrildik ezartzeko (eraikuntzan, ostalaritzan, metalgintzan, sukaldaritza kolektiboan...). Negoziazio kolektiboaren estatalizazioa dela eta, Nafarroako langileen lan baldintzak nabarmen okertzen ari dira.

Oraingo honetan drogerietako langileak aterako dira kaltetan, negoziazio kolektiboaren estatalizazioagatik. Izan ere, 2014. urtean sinatu zuten UGTk eta CCOOek sektore horretako lehen estatu-hitzarmena, eta, beraz, Nafarroako hitzarmena desagertu zen. Orduan, UGTk eta CCOOek argudiatu zuten nafar langileek ez zutela deus ere galduko lan-baldintzetan, lehengoei eutsiko zietela, onuragarriagoak zirelakoan. Hala ere, sinatu berri duten bigarren hitzarmenean honela jasota dago hitzez hitz 7. artikuluan: “Ez dira hartuko onuragarriagotzat I Estatu Hitzarmenaren aitzinetik aplikatu izan diren probintzia- edo autonomia-hitzarmenetatik datozen eskubideak”.

Ondorioz, sektore horretan diharduten nafar langileei, gehienbat emakumeei, okertuko zaizkie lan-baldintzak, batez ere, soldatak jaitsiz eta lanaldia luzatuz.

Orain argi ikusten da zergatik zen beharrezkoa ELAk eta LABek proposatu zuten proposamen hura, UGTk eta CCOOek baztertu zutena, Nafarroako sektore-hitzarmenak lehenestekoa, neurri hori ezinbestekoa baita estatalizazioari aurka egiteko. Proposamen horren helburua ez da besterik nafar langileek beren lan-baldintzak negoziatu ahal izatea baino, Madrilgo esku-hartzerik gabe.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.