2018-06-27 18:08
ELAk salatu duenez, haurdun dauden zenbait emakume diskriminatuak izan dira hautaketa prozesuan, hain zuzen, haurdun egoteagatik. Kaltetua izan den emakume batek salaketa aurkeztu du berdintasun printzipioaren oinarrizko eskubidea urratzegatik. Ez da kasu bakarra izan.

Eusko Jaurlaritzak Euskal Polizia Legearen bosgarren aldaketa gauzatzea erabaki du; baita Ertzaintzan emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko borondatea duela adierazi ere. Errealitateak eta eguneroko praktikek, ordea, kontrakoa adierazten dute. Hau da, praktikan ez dago batere argi erakunde honek diskriminazioa eta desberdintasuna ezabatzeko eta diskriminazio positiboko politikak martxan jartzeko benetako borondaterik ote duen.

Argi ikusi da hori Ertzaintzako oinarrizko eskalan maila igotzeko martxan den hautapen prozesuan. ELAk haurdunaldian eta erditze garaian dauden emakumeekiko diskriminazio zantzu argiak ikusi ditu prozedura honetan. Goazen kasu erreal bat ezagutzera:

Emakume batek Ertzaintzako oinarrizko eskalan maila igotzeko martxan den hautapen prozesura aurkeztu du bere burua. Behin sailkapen prozesuaren lehen fasea gaindituta, (besteak beste, parte teorikoa gainditua) azken fasearen txanda heldu da, hain zuzen, `gaitasun fisikoaren froga´deiturikoa. Ariketa fisikoez ari gara. Bada, horiek egiteko hitzordua zehaztu da: ekainak 20. Haurdun dagoela eta erditze data uztailaren 19rako ezarria duela jakinda, hautagaiak eskaera berezia egin du: berak froga fisikoa beranduagoa egin ahal izatea, betiere, gainontzeko hautagaiekin aukera berdintasunean lehiatu ahal izateko. Erantzuna: uztailaren 17ra atzeratu dezakeke gehien jota, abuztuan behin betiko zerrendak prest eduki nahi dituztelako. Hau da, erditu baino bi egun lehenago egin beharko lituzke ariketa fisikoak. Hautagaiaren harridurarako, Segurtasun Sailaren erantzuna irmoa da: egokitu ezean, uko egin beharko dio prozesuari. Esan beharra dago ez dela hau kasu bakarra. Hau ikusirik, emakume kaltetu batzuek beraien egoera kontuan har dezatela eskatu dute; baita egoera hau zuzentzeko formulak exijitu ere. Sailaren jarrera larriaren aurrean, emakume kaltetu batek bere oinarrizko eskubideen babeserako administrazioarekiko auzi-prozesu bat aurkeztu du Departamentuak berdintasun printzipioaren aurrean izandako jarduera zaurgarriaren ondoren.

Argi gertatzen da, beraz, gezurra dela emakumeek Ertzaintzako postu guztietara gizonek dituzten baldintza eta aukera berdinekin iristeko modua dutenik. Kasu honetan ikusi denez, erakundeak ez ditu neurri eta baliabideak jartzen haurdun dauden emakumeek hautaketa prozesua eta dagozkion frogak egin ahal izateko.

Era berean, ELAk Segurtasun Sailari eskatu dio desberdintasun eta diskriminazio egoera honi berehalako erantzun zuzentzaile bat har dezala; abagune ezin hobea da hau sexu-desberdintasun eta -diskriminazio egoerak benetan konpontzeko, horrela borondate politikoa errealitate bihurtuz.

Jakin badakigu kasu asKotan herri-administrazioetan pairatzen den sexu-diskriminazioa zeharkakoa izan ohi dela. Kasu honetan, ordea, diskriminazioa zuzena da, zenbait emakumeri, beren `egitate biologiko diferentziala´ medio, Ertzaintzan promoziorako oztopoak jartzen baitzaizkie.

ELAk hautaketa prozesu hau iker dadila galdegin du; hartara, salaketa honen berri emango diegu Emakunderi eta Arartekoari, dagokion azterketa egin dezaten.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.