2018-03-05 09:18

Langileak Errenteriako Productos Aislantes, S.A. enpresan egin zuen lan hamabi urtez, eta bere eginkizun nagusia auto-baterietako amianto zuntzez egindako tapak lixatzea izan zen. Gerora, orain kondenatutako multinazionala enpresa hartaz jabetu ondoren, beste 10 urtez jarraitu zuen bertan kalitate-kontroleko zereginetan, 1982an enpresatik atera zen arte. 2013an lanbide-gaixotasunagatik ezintasun iraunkor osoa onartu zioten, 2 urte geroago epai irmoz berretsia izan zena, hain zuzen ere.

Gainkarguaren prozedurari dagokionez, amiantozko produktuak erabiltzen zirela eta segurtasun-neurrik ez zegoela frogatzeko, amiantoarekiko esposizioa duten langileen zerrenda ofizialean eta Osalan eta Lan Ikuskaritzaren txostenetan oinarritu da Auzitegi Nagusia. Ondorioz, lanbide-gaixotasunetik eratorritako prestazioetan %30eko gainkargua ezarri dio enpresari.

Irmoa ez bada ere, ELAk oso positibotzat jotzen du epaia, kausa gehigarrietan auzibidea jarraitzeko beta eman dezakeelako. Era berean, prozedura juridikoak ez luzatzeko dei egiten die ELAk enpresei, biktima eta senitartekoei eragiten dien sufrimendu eta babesgabetasunagatik. Azkenik, ELAk amiantoaren eraginpeko pertsona oro animatu nahi du gaitz sozial larri honen aurkako borrokan etsi gabe jarraitzeko, mineral kantzerigenoaren biktimen kalteak aitortu eta ordaintzeko konpentsazio-sistema propio bat eratzeko eskaera berresten duen aldi berean.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.