2018-06-04 15:12
UGTk eta CCOOek PP eta UPNren aurrekontuen aldeko kanpainan parte hartu dute, zantzu guztien arabera soldata-eskala bikoitzak ekarriko dituen diru-laguntza baten truke.

ELAk ohartarazi duenez, Volkswagen Navarran enplegua sustatzeko laguntzen iragarpen mediatiko horrek ez du oraingoz lege-zehaztapenik Landabengo plantillan aplikatu ahal izateko.

Jakina denez, UGT eta CCOO atal sindikalak PPren aurrekontu orokorren alde agertu dira, aurrekontu atzerakoi eta antisozialak izan arren, eta Rajoyren gobernuaren eusleak izan arren. Gainera, bai UGTk, bai CCOOek ere, parte hartu dute UPNren kanpaina mediatikoan, aurrekontuei sostengua ematearren.

VW-Navarran enplegua sustatzeko 80 milioi euroko diru-laguntzaren iragarpena ez da oinarritu ezein dokumentu argigarritan, plantilla gaztetzeko espekulazioetan baino ez. ELAren iritziz plantilla gaztetzeko asmo hori ezin da oinarritu soldata-eskala bikoitzetan, ezta soldatak merkatzean ere. Bertzela errateko, ezin dira ordeztu langile “garestiak” langile “merkeekin”, enpresa-arloko ohiko hizkeran adierazita.

Bertzalde, UGT, CCOO eta UPN elkar harturik, erretiroak aitzinatzeko itxaropenak sortu dituzte. Eta hori oso gai minbera da VW-Navarrako langileendako, eta Nafarroako gainerako langileendako ere bai. Gogoan izan bi sindikatu horiek 2011n sinatu zutela, patronalarekin eta PSOErekin, erretiro-adina 65 urtetik 67 urtera derrigorrez gibelatzea.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.