2018-05-07 12:52

ELAk 6 orduko lanuzterako deialdia egin du maiatzaren 16rako. Horrela salatuko ditugu diru-sail publikoen etengabeko murrizketak, zeren bide horretatik jarraituz gero programak eta zerbitzuak ezin izango dira mantendu, eta gizarte-beharrizanak modu kaxkarragoan artatuko dira.

Gainera, murrizketa horiek eragin zuzena dute lanpostuen egonkortasunean, langileak kaleratuz, lan-baldintzak aldatuz, lan-prekarietatea ugalduz eta azken batean zerbitzuak eta programak berak ere desagerraraziz.

Halaber, sektoreko patronalak ez daude prest hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko. Bide batez aipatzekoa da negoziazio honek ez dituela, besteak beste, sektorea duintasunez hornituko duen soldata igoerarik aztertu, ezta lan-osasunaren inguruko neurririk ere.

Era berean, erakunde publikoak eurak dira sistematikoki aurrekontuetan murrizketak ezartzen dituztenak, nahiz eta horren eragin zuzena lanpostuetan, lan baldintzetan eta zerbitzuaren kalitatean sumatu. Hori gutxi balitz bezala, Zerbitzuen Karteraren aplikazioan nagusi den okultismoak enpresa eta erakundeei bidea libre uzten die zerbitzu eta programak desegiteko.

Horregatik guztiagatik, ELAk dei egiten die sektoreko langile guztiei maiatzaren 16an kalera ateratzera, hurrengo lau puntu hauek bultzatze aldera:

  • Egungo hitzarmenaren negoziazio-mahaia desblokeatzea.

  • Zerbitzuen Karteraren aplikazioari aurre egitea, enplegua bermatzearren.

  • Lan-Osasunean hobekuntzak lortzea.

  • Zerbitzu desberdinak barne hartzen dituzten dekretuak betearaztea.

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.