2018-03-23 12:33

 

ELAk salatu du Nafarroako Gobernuak aldatu egin duela, ezustean eta modu ilunean, erresistentzia-kutxari buruz izan duen irizpide fiskala; 40 urtez diru hori zergak ordaintzetik salbuetsita egon da. ELAk duela hilabete luze eskatu dio bilera egitea Foru Ogasunari, gai honi buruzko informazioa jasotzeko, baina ez du erantzunik izan. Administrazioaren jarrera are larriagoa da ELAk irizpide aldaketaren berri kazeta bateko informazio bidez izan duelako. Hots, Nafarroako Gobernuak soilik ELAri eragiten dioten gai fiskalei buruz lehenago eman dio informazioa edozein partikularri, eta ez sindikatuari berari.

Foru Ogasunaren jokabide hau arduragabea eta sindikatuarekiko gutxiespenez betea dago, baina gainera, erabakia gauzatuz gero Nafarroako Gobernua (zeina Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek sostengatzen duten) Miguel Sanz eta Yolanda Barcinaren exekutiboak baino askoz haratago joango litzateke prekarioen dauden langileen kaltetan.

Dirudienez Foru Ogasunak orain lan-errenta gisa zergapetu nahi ditu ELAko afiliatuek erresistentzia-kutxatik jasotzen dituzten zenbatekoak; kontutan izan behar da kutxa hortako ordaina dagokiela greba eskubidea baliatu eta, ondorioz, soldatarik jasotzen ez dutenei. Hots, Nafarroako Gobernuak penalizatu egin nahi ditu egoera ekonomikorik okerrenean dauden langileak, hain zuzen beren eskubideak baliatzeagatik. Gogoratu beharra dago 2007 eta 2016 urteen artean enpresa nafarren etekinetatik zergatan bildu den kopurua erdira jaitsi dela (593 milioitik 216ra) eta, aldiz, gobernuak orain faktura horren zati bat leporatu nahi diela egoerarik ahulenean dauden soldatapekoei.

Neurri horixe aplikatzen hasi da duela zenbait hilabete Bizkaiko Ogasuna, lurralde honetan izan zen zahar-etxeetako greba bukatu bezain pronto; Bizkaiko Diputatu Nagusia Unai Rementeria jeltzalea da, sektoreko langileen aurkako jarrera oldarkorra agertu duena. ELAk salatu egin nahi du Nafarroako Gobernuak EAJk EAEko hiru Aldundietan urratu duen ildotik jotzea. Sindikatuak aldarrikatuko du erresistentzia-kutxa etorkizunean ere zergak ordaintzetik salbuetsita egotea, azken 40 urtean bezalaxe. Gainera, sindikatuaren ustez honek erakusten du erresistentzia-kutxa garrantzi handiko tresna dela, langile-klasearen baldintzak hobetzeko ezinbestekoa, eta horregatik erasotzen diola patronalak, baina baita itxuraz, aurrerantzean Nafarroako eta EAEko gobernuek ere.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.