2018-05-31 13:37
Egonkortzeko EPEa aurrerapausoa da, baina 2000 lanpostu baino gehiago egonkortu beharko lirateke eta behin-behineko kontratuekin urteak daramatzaten langileak egonkortu.

Nafarroako Gobernuak langileen plantila organikoa aldatzen duen foru dekretua onartu du. Honen bidez, egonkortze enplegu publikoaren eskaintzan aterako diren 1.141 irakasle lanpostuen espezialitatea eta hizkuntza zehaztuko dira. Gogorarazi nahi dugu eskaintza honek ez duela urteetan behin-behineko kontratuekin lanean ibili diren langileen egonkortzea bermatzen.

1.141 lanpostu horietatik 689 Bigarren Hezkuntzako kidegokoak dira. Kopuru horren zati bat erabiltzea aurreikusi da datorren ekainean egingo den Bigarren Hezkuntzako EPEaren kopurua (ez espezialitateak) handitzeko.

ELAk ongi ikusten ditu langileak haien prekarietate egoeratik atera eta haien lan egoera egonkortuko dituzten lanpostu publikoen eskaintzak. Alabaina, ezin da ados egon behin-behinekotasunaren arazoa kopontzen ez duen neurri batekin, are gutxiago ez bada gehiengo sindikalarekin adostua izan. Hezkuntzan ELAk proposatzen duen 6%-ko behin-behinekotasunera (orain 33%-koa da) jaisteko 2000 lanpostu baino gehiago egonkortu beharko lirateke.

Azkenik, Gobernuak bigarren hezkuntzako EPEan plazak gehitzeko erabili dituen formak eta denborak kritikatzen ditugu, azterketak hasteko egun gutxi falta direlako eta ekarriko duen aldaketa nabaria izango delako espezialitate guztietan. Hau guztia hilabeteak lehenago egin beharko zen, irakasleek hasieratik jakin ahal zezaten espezialitate bakoitzeko lanpostuak zenbat ziren, eta egoeraren ikuspegi osoa eduki zezaten horren arabera jokatzeko. Hasieran lanpostu gutxi zeudenez, irakasle askok ez aurkeztea erabaki zuen, aukerak etorkizunerako utziz plaza gehiago aterako zirelakoan. Orain ordea, aurten aurkezteko aukera galdu dute, baita bi urte barru ere, lanpostu horiek aurtengo EPEan gehituak izan baitira.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.