2018-03-12 10:54

Europar Batzordeak aitortzen du 2011 eta 2013ko erreformen ondorioz pentsioen gastua 25.000 milioi jaitsi dela; honek kalte egiten dio -Batzordeak berak esan du- “adineko biztanleriaren bizi-estandarrari”, hots, pobretze orokorra eragiten du. Baina diagnostiko honek ez ditu politikak aldarazten; aitzitik, tematuta daude doikuntza, murrizketa eta erreformen bidetik jarraitu behar dela.

ELAk nabarmentzen du pentsioen inguruko eztabaidaren erroan aberastasunaren banaketa datzala. Eta, noski, gure jendartean dugun aberastasun mailak pentsioak hobetzeko aukera ematen digu.

Pentsio duinak izatea zeharo lotuta dago ordaintzen diren soldatekin. Europar Batzordeak berak hipokrisia handiz esaten du “soldata urriei pentsio urriak dagozkie”. Ez du esaten berak gomendatu dituela lan erreformak, zeintzuk lan baldintza negargarriak ezartzen dituzten, batik bat kontratu berriak egiten direnean.

ELAk eskatu du 2011 eta 2013an erabakitako pentsio murrizketak bertan behera utz ditzatela; erosteko ahalmena berma dadila; erretiro adina 65 urtera itzultzea, eta pentsio berriak hobetzea, batez ere zenbateko txikienen kasuan. Gainera, ELAk ezinbesteko jotzen du pentsio-sistema Euskal Herrian kudeatzea eta hari buruzko erabakiak bertan hartzea.

Bide horretan aurrera egiteko borondate politikoa behartzea beste modurik ez dago; mobilizazio soziala ezinbestekoa da. Horregatik, ELAk martxoaren 17an deitu diren mobilizazioetan izango da, eta bere militanteei dei egiten die parte har dezaten.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.