2018-03-01 15:35

Joan den asteartean, sektoreko esparru-akordio bat sinatu da Lan Harremanen Kontseiluan, zeinaren bidez EAEko Ikus-entzunezkoen Sektoreko langileei subrogazio-eskubidea aitortu baitzaie.

Esparru-akordio hori lehen pausoa izan da guztiz arautu gabe zegoen sektore bat arautzeko. Izan ere, Ikus-entzunezkoen Sektorea oso egoera prekarioan zegoen, baina honez gero subrogazio-eskubidea lortu da.

Akordioaren eranskinean sektoreko patronalak EAEko ikus-entzunezkoen produkzioaren lehen hitzarmena sinatzeko konpromisoa hartu du, 6 hilabeteko epean. Hitzarmen horren bidez gutxienezko soldata bat bermatuko zaie sektoreko langileei, 19.000 euro gordin urtean.

Lizitazio publikoak direla-eta gero eta prekarioagoa bilakatu den sektore horri egonkortasuna emateko lehen pausoa izan da. Administrazio publikoek lan-prekarietatearen aldeko apustua egitea erabaki dute, lizitazioetan prezioa lehenetsiz; nahiz eta, horrela eginez, sektoreko lan-baldintzak jaitsiko direla jakin. Horren adibiderik garbiena EITBn dugu, non baldintza-orrietan prezioa %35 edo gehiago merkatzen den, eta lazeria eta lan-prekarietatea zabaltzen duten enpresei zerbitzuak esleitzen zaizkien.

ELAtik sektoreko lan-baldintzak hobetzeko ahaleginak egiten jarraituko dugu, eta horrela Ikus-entzunezkoen Produkzioaren I. Hitzarmena aurten bertan sinatzea lortzea espero dugu.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.