2018-02-05 12:33

Lan itunean nabarmentzeko puntu positiboak ikusi ditugun arren, neurri gehienetan zehaztasuna, kalendarizazioa eta diru partidak falta dira. Asmo onak konpromiso serio eta baliabide hornitze egoki bati lotuta joatea ezinbestekoa da ELArentzat, eta hau ez dugu ikusi Lan itunaren azken proposamenean.

Hori da ELA sindikatuak negoziazio mahai sektorialetan tinko eskatu duena eta eskatzen jarraituko duena. Izan ere, lan itunaren inguruko lanketa hasi genuenetik 10 hilabete pasa dira eta 8 hilabete Hezkuntzaren proposamen zehatza espero genuenetik.

Hezkuntza sistema publikoren kalitatea hobetzeko ezinbestekoa da neurri hauek arduraz eta konpromiso sendoz aurrera eramatea, murrizketa basatiak leheneratuko dituen kalendarizazioarekin, eta egungo errealitateari erantzuna emango dion planteamentu zehatz batekin. Horretarako ezinbestekoa dugu hezkuntzan inbertsioa handitzea (BPGren %3,2tik %6ra). Eskola Kontseiluko lehendakariak azaldu duen bezala, hezkuntzako inbertsio hazkundea oso eskasa izaten ari da (648 milioitik 2017an 652 milioitara 2018an) eta ez da oraindik iritsi 2010eko mailara (669 milioi). Gainera kontuan hartu behar da urte tarte honetan KPIa %9,3ra igo eta ikasle kopurua handitu den arren (%7,3a), irakasle kopurua gutxiagotu dela eta %15eko eros ahalmena galdu dutela.

Hurrengo puntuetan bereziki garrantzitsua da zehaztasuna: irakastorduak, ratioak, ordezkapenak, adinagatiko murrizketak, lanpostuen egonkortzea, interinoek uda kobratzeko eskubidea, jubilazio baldintzak, euskara sustatzeko konpromisoa...

ELA sindikatua prest dago negoziazioari eusteko, betiere, aipatutako neurriak zehazteko pausuak ematen baditu Hezkuntza Departamentuak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.