2018-04-13 15:54

Gaurko bileran LAB, STEILAS eta CCOO sindikatuek sinatutako akordioak martxoan aurkeztutako eduki berberak ditu, sektore honetako egoera larriari ez dio erantzuten eta langileen aldarrikapenetako batzuk soilik eta modu partzialean jasotzen ditu:

  • Hezkuntza behar bereziak izendatzeko irizpideak ez dira zabaldu eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen arretarako baliabideen eta plantilen handitzerik ez da planteatzen. Beraz, lan kargak ez dira arindu eta heziketa lana modu egokian garatu ahal izateko baliabide gehiagarririk ez dago.
  • Hezkuntza Laguntzako Espezialisten asteko lanaldia 37,5 ordutan uztea suposatzen du, 35 orduak alde batera utziz.
  • Garraioa ikasleen autonomia programaren baitan esleituko zaie hezitzaileei. Beraz, orain arte hitzarmenean jasoa ez zegoen eta gobernuak aldebakarrez hezitzaileoi ezarritako funtzio bat arautuko da eta bere esleipena jaurlaritzaren esku egongo da.
  • Sektoreko lanaldi guztien %19 (150 langile) diren lanaldi-partzialak mugatu eta lanaldi oso bihurtzeko neurri zein konpromiso zehatzik ez dago.
  • %58ko behin-behinekotasuna murrizteko legealdi osorako 268 plaza EPEra ateratzea jasotzen da, urteetan lanean diharduten hezitzaileak egonkortzeko inolako konpromisorik gabe. Honek, lanpostuak ez egonkortzeaz gain, behin-behinekotasuna %34 onartezin batean uzten du.
  • Hezkuntza Laguntza Espezialistek, heziketa lana egin arren, irakasleen kategoriarik baxuenak baino %20 gutxiago kobratzen dute (-6.120€) eta sektorean eros-ahalmen galera %12koa da, 22.900€ko galera metatua. Baina akordioak ez du inolako neurririk jasotzen soldata arrakala hau gutxitzeko ezta eros-ahalmena berreskuratzeko ere.
  • Ordezkoek, ia urte osoan lan egin arren ez dute uda kobratzeko eskubiderik. Akordioak ez du honen inguruko edukirik jasotzen.
  • Bajak hartzea zigortua dago eta erretiroa hartzeko baldintzak okertuta darraite.

Martxoko grebetara begira Martxoak 2ko prentsaurreko bidez LABek plazaratutako erabakia ulergaitza eta tamalgarria izan zen, langileen aldarrikapenei erantzuten zion proposamenik egon ez arren grebak deskonbokatu zituenean. Ondoren izan zuen jarrera, are ulergaitzagoa eta arduragabeagoa izan zen, martxoak 13ko mahaian CCOOekin batera %51ko ordezkaritza izan arren eta Jaurlaritzak egindako proposamena positiboki baloratu arren proposamen hura ez sinatuz eta langileak  alternatibarik gabe uzteko planteamendua egin zuenean, ez mobilizazio eta ez akordio.

STEILASek gaurko bileran LAB eta CCOOekin batera akordioa sinatu izana erabat ulergaitza eta oso larria da, gaurkoan sinatu duena Martxoko  greba aurreko proposamen berdina izanik eta  martxoak 13ko mahaian proposamen hura ez nahikotzat jo eta heziketa bereziko langileak bi egunetako grebara deitu baitzituen.

Tamalez, LABek lehendabizi eta Steilasek ondoren egindako mugimendu hauek, une honetan hiru sindikatuok Heziketa Berezirako aurrikusita geneuzkan grebak aurrera eramateko aukerak erabat zailtzen ditu.

ELAk ordea, sektore hauetan ez du gatazka amaitutzat ematen, eta momentu honetan egoerari buelta emateko beharrezkoa den mobilizazioa bultzatzeko indar harreman nahikorik ez badaukagu ere, hurrengo hilabeteetan indar harreman hori hobetu eta posible ikusten badugu, sektoreko egoera hobetzeko hain beharrezkoa den mobilizazioa bultzatzeko konpromezua hartzen dugu.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.