2018-02-23 13:35

Sindikatuak behin eta berriro salatu duen moduan, honek agerian uzten du Eusko Jaurlaritzak PISA azterketarekiko duen neurri gabeko kezka eta menpekotasuna. Gogoratu beharrean gaude azterketa hau hezkuntzaren merkantilizazio, kontrol eta uniformaziorako nazioarteko tresna nagusienetarikoa dela. Azterketa honen sustatzaile nagusia ekonomia kapitalista neoliberalaren bultzatzaile nagusienetako den ELGA (OCDE) da. Eta azterketa diseinatu, garatu eta zabaltzeko ardura munduko inbertsio funts nagusienetakoa den BlackRocken kontrolpeko Pearson transnazionalarena da. Hezkuntza ekonomia neoliberala eta enpresen beharren zerbitzura jartzeko estrategia oso baten parte dira azterketa hauek. Froga hauek egungo ekonomiarentzat baliagarriak diren arloak soilik aztertzen dituzte: matematika edo kalkulua, aplikazio zientifikoa, komunikazio gaitasuna, pertsonaren eta jendartearen garapen osorako ezinbestekoak diren beste hainbat arlo erabat gutxietsiz: pentsamendua, historia, sormena, arteak, kritikotasuna, elkarlana, heziketa fisikoa...

Froga hauek hezkuntza sistemen eta eskolen jarduera ebaluatzea baino baldintzatzea dute helburu. Izan ere, PISA sukarrak bultzaturik hezkuntza arduradun edota ikastetxe askok bere curriculumak eta ebaluazio irizpideak froga hauek jomugan jartzen dituzten arloetan emaitzak onak lortzera bideratzen dituzte nagusiki. Ondorioz, ebaluazio hauetan emaitza onak lortzea herrialdeen, hezkuntza sistemen eta ikastetxeen arteko lehia bihurtzen da, hezkuntzaren xederik behinena galbideratuz, hezkuntza merkatuen interesen zerbitzura jarriz eta hezkuntza merkatu lehiako beste kontsumo gai bat bihurtuz.

Azken urteetan hainbat herrialdetan egin diren hezkuntza erreforma gehienek, LOMCE kasu, helburu hauei erantzuten die nagusiki. Baita hain gurea dela sinestarazi nahi diguten Heziberrik ere.

Modu honetan, curriculumak eta ebaluazio irizpide eta frogak moldatuz eta behar bezalako entrenamenduarekin PISA emaitzak hobetzea ere lor daiteke, nahiz eta hezkuntza inbertsioa murriztu, geletan ikasle gehiago pilatu, plantillak gutxitu, ikasleak sailkatu edota ezberdintasunak handitu.

Hezkuntzaren egitekoa ez da ikasleak ekonomiaren beharretara egokitzea, are gutxiago PISAn emaitza onak lortzea (LOMCEk edota diagnostiko-ebaluazio askok helburu nagusitzat duten moduan). Gure ikuspuntutik helburua pertsonak eta jendartea bere osotasunean, bere dimentsio guztietan (kognitibo, sozial, emozional eta fisikoan) garatzen laguntzea da, ez ekonomia lehiakor egitea.

Horrenbestez, ELAk Hezkuntza Sailari eta ikastetxeei PISA azterketak bertan behera uztea eskatzen die. Hezkuntza merkatu neoliberalaren eta enpresen zerbitzura jartzea helburu duten ebaluazio hauek alde batera utzi eta gure ikastetxeak eta ikasleak pertsona eta jendarte moduan osotasunean eta berdintasunean dimentsio guztietan garatzeko inbertsio eta baliabideak indartu ditzala.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.