2018-01-25 16:36

Espainiar kongresuko EAJren talde parlamentarioak plazaratu berri du hezkuntza gaietan Euskal Autonomia Erkidegoaren eskubideak eta singulartasuna aintzakotzat hartzen ez badira, bere taldeak ez duela balizko estatuko Hezkuntza Itunean parterik hartuko. Izan ere, birzentralizazio arrisku handia ikusten baitute.

ELA ados dago EAJk egiten duen irakurketarekin eta gure eskumenak osotasunean errespetatzen ez diren heinean, inolako itunetan parterik ez hartzeko erabakia begi onez ikusten du.

Hala ere, deigarria egiten zaio EAJak iritzi hau plazaratu izana eta orain arte estatuak hezkuntza zentralizatu edo estatalizatzeko hartu dituen neurri ia guztiei babesa eman izana edota apenas aurre egin ez izana.

Esaterako, bai EAJ eta Eusko Jaurlaritza, hitzez LOMCEren aurka agertu badira ere, bere horretan onartu eta Heziberriren bidez bere osotasunean ezarri dute oinarrizko gaietan. Azken 40 urtetan, bai eskuduntzetan bai eduki atzerakoietan, estatuak hezkuntza arloan egin digun erasorik gogorrenaren aurrean, espainiar estatuarekin inolako konfrontaziorik burutu gabe LOMCE ia bere osotasunean ezarri du Heziberriren bidez. EAJak berak duela 20 urte espainiar gobernuaren menpeko tribunaltzat jotzen zuelako autogobernu eta konpetentzia gaietan bertara jotzeari uko egin zion Auzitegi Konstituzionalean hainbat atal salatzera mugatu dira.

Gure hezkuntza sistema guztiz mugatu eta txikitzen duten espainiar gobernuaren murrizketa neurriak, defizit mugak, gastu araua bere egin ditu, baita espainiar gobernuarekin adostu ere. Eta ondorioz, hezkuntza inbertsioa BPGren %4,3tik 3,5era jaitsi du (-598 milioi €), plantila murrizketa izugarriak ezarri ditu, gelako ikasle kopuruak handitu ditu, lan-kargak biderkatu ditu, ordezkapenak ez ditu egin edo astebetera egin ditu, langileen eros-ahalmena %15 murriztu du, bajak zigortu ditu, erretiroa laguntzeko neurriak kendu ditu.

Plantillak handitzea eragoztea helburu duen erreposizio tasa mugatzea ere EAJak adostu zuen Espainiar Gobernuarekin 2017ko aurrekontuen negoziazioan.

Eta azken asteetan, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua izan dira, PPk gobernaturiko Erkidego Autonomoekin eta Kanariar Uharteekin batera (espainiar gobernuari gehiengoa emanez), gure eskuduntzak ezerezean uzten dituen irakasle izateko EPE sistema berriari babesa eman diotenak. Honela, irakasle izateko sarrera sistema berriro ere espainiar gobernuaren esku utziz eta hamarkada luzetan behin behineko moduan erabili dituzten milaka langileren egonkortze prozesua airean utziz.

Hau guztia honela, ELAk EAJren adierazpenen hipokresia salatzen du eta hezkuntza eskuduntza gai zehatz hauetan guztietan defendatzea eskatzen dio. Horrela soilik izango baita posible erabateko hezkuntza eskuduntza gure esku izatea eta hezkuntza gaietan gure behar eta nahien baitako erabakiak hartzea.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.