2018-01-08 10:43

ELAk dei egiten die bere afiliatuei Sarek “Prest gaude” lemapean datorren urtarrilaren 13rako Bilbon antolatu duen manifestazioan parte har dezaten.

Sindikatuak aintzat hartzen ditu 2017an euskal preso politikoak aitortzerakoan eta hauen eskubideak aldarrikatzeko egin diren urratsak, esaterako, EAEko eta Nafarroako indar politiko gehienek gaixorik dauden presoak askatzeko adierazi duten posizioa. Halaber, pozgarria izan da ELAren ustez Parisen joan den abenduaren 9an izan zen manifestazio handia, non Iparraldeko indar politiko guztiek parte har zuten, eskuin muturrak izan ezik.

Konponbidearen aldeko deiadar hau bi estatuetako gobernuen politikarekin guztiz kontrajarrita dago, batik bat Espainikoarekin, presoen kolektiboari eta beren senideei demokrazia homologatu batekin zerikusirik ez duen erregimena inposatzen baitie oraindik. Bidegabea izateaz gainera, politika hori gure herrian nagusi den borondatearen aurkakoa da, bizikidetzan aurrera egin nahi baitu gehiengoak, areago kontutan izanik dagoeneko sei urte igaro direla borroka armatua amaitu zenetik eta joan den apirilean armagabetzea behar bezala burutu zela.

Â

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.