2018-04-06 14:50

Akordio Interprofesionala FEADRS patronalak inpugnatu du, ostalaritza kolektiboan aritzen diren estatuko enpresen patronalak, hain zuzen. Honen helburua ez da Akordio Interprofesionala bere osotasunean bertan-behera uztea, inpugnazioak ondorio basati hori izan dezakeen arren, EAEn Estatuko Ostalaritza Hitzarmena aplikatzea, baizik. Enpresen helburua kontratazio berrietan urteko 11.000 euroko soldatak eta 1800 orduko lanaldia inposatzea da, jadanik egiten ari diren moduan.

FEADRSen enpresa ezberdinek Euskal Herriko enpresa eta administrazioak bezero moduan dauzkate. Eta patronalaren helburua epaiketa edo epaiketaz kanpoko akordio baten bitartez Akordio Interprofesionalaren eragin esparrutik ostalaritza kanpo uztea da. ELAk ez du estrategia hau onartuko eta zuzenean oldartuko zaio patronal esplotatzaile honi.

ELAk diagnostiko hau LABekin konpartitu du eta berarekin eraginkorrena den mobilizazio proposamena egin du apirilaren 24an inongo epaiketarik egin ez dadin, eta LABek ezezkoa eman digu. ELAren proposamena hurrengoa izan da:

  1. Elkarrekin Eusko Jaurlaritzari bilerak eskatzea babes politikoa eman eta enpresa hauekiko kontratazio politika berrikusteko.
  2. FEADRSen bezeroekin bilerak egitea langileak esplotatzen ez dituzten enpresekin kontratatu dezaten eskatzeko.
  3. FEADRSen dauden enpresetan apirilaren 24 aurretik greba egitea kontratatu berriek pairatzen duten diskriminazioa ekiditeko. 2. aldia da LABek horrelako greba planteamendu bati ezezkoa ematen diona, baita Akordio Interprofesionalaren inpugnazioaren aurretik ere.
  4. Bi sindikatuetako militanteekin mobilizazio bat egitea epaitegien aurrean.

ELAri oker izugarria iruditzen zaio, LABek ELAri proposatu bezala, mobilizazioak maiatzaren erdialderako uztea, jadanik epaiketa burutu ondoren eta Akordio Interprofesionalaren etorkizuna sindikatuon esku ez dagoenean. ELAk uste du, lehendabizi egoera aldatzeko aukerak dauden eremuetan ekin behar dugula eta apirilaren 24 ondoren egoera berriz ere aztertu beharko dela.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.