2018-02-14 10:31

Nafarroako langileriak ELA aupatu du UGT eta CCOOen sindikalismoaren alternatiba nagusi izatera, 2017ko amaieran. Izan ere, orain inoiz baino hurbilago dago Foru Komunitateko lehen indar sindikaletatik, hauteskunde sindikaletako aldi trinkoa hastear dagoen garai honetan.

2017ko abenduaren behin betiko datuen arabera ELAk ordezkaritzaren %22,80 bildu du (1.366 ELA-ordezkari, guztira diren 5.992tik). 2013. urteaz geroztik ordezkariak irabaziz joan da: 318 ordezkari irabazi dizkio UGTri (soilik 149 ordezkari gehiago duena) eta 217 ordezkari CCOOi (ozta-ozta 63 gehiago duena). ELA ondoz ondoko bosgarren urtez hazi da, eta gaur egun UGT eta CCOOen ordezko aukera bilakatu da enpresetan (jarraian LAB dago, 7 puntu eta 424 ordezkari atzerago). 

Lurralde osoan ordezkaritzaren sakabanatze homogeneoa duen sindikatu bakarra ELA da, Erriberan ere barne, %20tik gora. Bereziki nabarmendu beharrekoa da ELAren posizioa, lehen sindikatu gisa, Metalgintzan, Zurgintzan, Kirol Kudeaketan...

UGTren eta CCOOen eredu sindikala nafar langileen sostengua galtzen ari da, iaztik goiti bi sindikatu horiek batera ez dira iristen %50era. ELAren ustez bi sindikatu horien oztoporik handienak, langileriaren sostengua lortzeko, beren estrategiaren bi oinarriak dira, batetik herri-erakundeen partaidetzaren menpe egotea (gaizki deituriko “gizarte-elkarrizketa” hori) eta gobernuekiko diru-menpekotasuna.

ELAren iritziz gero eta ordezkaritza ugariagoa lortzeak zerikusi zuzena du antolamendu-lan handiarekin eta langileen alde diharduen erakunde autonomoa izatearekin, bai ekonomiaren, bai politikaren aldetik.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.