2018-01-31 15:48

Joan den abenduan hautsi zen sekretua Europar Batasuna (EB) eta Mercosur eremuko herrialdeak (Argentina, Brasil, Paraguay eta Uruguay; Venezuela baztertu egin zuten, akordioak bere ekonomia eta gizartean izugarrizko eragina izan dezakeen arren) negoziatzen ari diren merkataritza libreko akordioari buruz. Herbehereetako Greenpeacek ezagutarazi zituen dokumentuetan -guztira 171 orrialde- jasotzen da merkataritza eta finantzetan liberalizazio akordiora iristeko izan diren elkarrizketa sekretuen zati bat.

Honelako akordio komertzialek berebiziko ondorioak dituzten arren ingurumenean, osasun publikoan, eskubide sozialetan eta lan arauetan, negoziazio hauek -TTIPekoak bezalaxe- ateak itxita ari dira egiten eta parte hartze publikoa sinbolikoa besterik ez da. Horrenbestez, Mercosurreko eta EBko herritarrek, hots, akordioak ukitutako pertsona gehienak, beren gobernuak negoziatzen ari direna soilik filtrazioen bidez ezagutu dute.

Akordio honekin bi aldeek merkaturako sarbidea ahalik gehien erraztu nahi dute eta esportazioak gehitu. Batetik, EBren ahalegina da finantza-zerbitzuak esportatzea eta merkaturako sarbidea ziurtatzea energia, makineria, automobil, motor-osagaiak eta gainerako produktu industrialak egiten dituzten enpresei, baita balio erantsi handiko elikagaiei (txokolateak, ardoak, jatorri-izendapenekiko produktuak, etab.). Halaber, erraztu nahi die europar enpresei tokiko lizitazio eta erosketa publikoetan parte hartzeko aukera. Horren truke EBk merkaturako sarbidea erraztuko lieke zenbait produkturi, esaterako haragia, zerealak, azukrea eta bioerregaietarako etanola.

Itunaren ondorioak

Merkataritza libreko akordioak, eta berarekin batera bi eskualdeen artean gertatuko litzatekeen elkartruke handiagoak, eragin ekonomiko, sozial eta ekologiko handia izango luke Atlantikoaren bi aldeetan.

EB-Mercosur harreman komertziala ipar-hego motakoa da, hots, Mercosurreko herrialdeekiko trukeetan EBren sektorerik dinamikoenak lirateke eduki teknologiko eta kapital intentsitaterik handiena dutenak (balio erantsi handia duten produktu manufakturatuak); Mercosurreko estatuentzat, berriz, sektorerik bizkorrenak lan eta lehengaietan intentsitate handiagoa duten izango lirateke (gutxi landutako ekoizkinak). Horregatik, espero daiteke akordio honek areagotu egingo dituela asimetriak eta desoreka Mercosur eta EBren arteko harreman komertzial eta ekonomikoetan.

Akordioak eragin larria izango luke bi eskualdeetako enpleguan. Europan nekazaritza eta abeltzaintza sektorearen kalterako, ustiapen txikiak arriskuan egongo bailirateke agro-businesseko enpresa erraldoien lehia monopolistikoa medio. Mercosurren, berriz, industriako lanpostuek pairatuko lukete gehien.

Ingurumenari dagokionez, Greenpeacek ohartarazi du abeltzaintza intentsiboa eta sojaren moduko laborantza gero eta hedatuagoa Hego Ameriketako ekosistema hauskorretan deforestazioa eragiten ari dela, esaterako Amazonian, Brasilgo Cerradon eta Chacon. Gainera, nekazari eta herri originarioen komunitateak ere beren lurrak galtzeko arriskuan daude. Haragi inportazio masiboek ere EBko ekosistemetan ondorioa izango lukete, hautsi egingo bailitzateke bertoko landa-habitat askotan dagoen abeltzaintza eredu iraunkorrarekin.

Osasun arloan, gobernuz kanpoko erakundeak eta osasun publikoan adituak beldur dira akordioak ez ote duen Mercosurreko eremuan sendagaiak lortzeko aukera eragotziko, izan ere EBk galdegiten baitu farmazeutika multinazionalentzako patente esklusiboak gehitu egin behar direla; honek generiko gutxiago saltzea eta botiken prezioa modu esponentzialean igotzea eragingo luke.

Informaziorik, gardentasunik eta eztabaida demokratikorik gabe, EB-Mercosur akordioari ez

EBko eta Mercosurreko biztanleengan izango lituzkeen ondorioak larriak diren arren, gobernuek galarazi egin dute iritzi publikoak ezagutu ditzan bere eragin ekonomiko eta soziala, eta talde ekonomiko transnazional handiek osatzen duten lobbyaren esanetara jokatzen ari dira.

Oraingoan ere merkatua desarautu nahi dute eta babes arau guztiak deuseztatu (arlo sozialean, ingurumenean eta lan merkatuan). Merkataritza libreko akordioak amaiarazi behar ditugu, eurekin enpresek besterik ez baitute irabazten, pertsonak galtzaile garelarik.

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.