2018-05-14 17:24
ELAren iritziz gaur sinatutako akordio honekin benetako negoziazio bat eraikitzeari uko eginez, sindikatu eta langileon aldarrikapenei oso modu partzialean erantzun da. Izan ere, Jaurlaritzak mobilizazio dinamika zapuztea du helburu funtseskoak diren edukiak etorkizuneko bileretara desbideratuta. Irakasleek %15eko eroste ahalmenaren galera izan dute, eta honek 32.000 eta 41.100 € bitarteko galera metatua suposatzen du kidegoaren arabera. Eros ahalmen hori berreskuratzeko inolako planteamendurik ez da jasotzen sinatutako akordioan.

Gaurko bileran Eusko Jaurlaritzak eta STEILAS, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek sinatutako akordioak ez dio hezkuntza publikoko egoera larriari ez eta langileak 7 greba egun babestera eraman dituzten aldarrikapenei ere erantzuten. Horrela:

  • EPEra 5.500 lanpostu ateratzeko aurreikuspena jasotzen du, hauetatik 500 estatu mailan sinatutako akordioa indarrean sartzera baldintzatuta gainera. Beste 500 lanpostu inguru gehiago EPEra ateratzeko aukera aipatzen den arren, inolako konpromezurik ez du hartzen jaurlaritzak eta aukera honen azterketa etorkizuneko batzorde baterako uzten du.

            Beraz, ziurra ez den neurri bat izateaz gain, kontuan izanik 9.800 behin behineko daudela (%38ko behin-behinekotasuna), Jaurlaritzaren proposamenak behin-behinekotasun tasa %28an utziko luke legealdiaren amaieran, sindikatuok aldarrikatutako %6tik erabat urrun eta gainera urte luzeetan behin behinekotasunean lan egitera kondenatuak izan diren langileei lanpostua kontsolidatzeko aukera bermatuko dien formularik lotu gabe eta lotzeko inolako konpromezurik hartu gabe.

  • Plantillei dagokionez, hezkuntza publikoan, matrikulazioaren ondorioz sortu ez diren gela kopuruengatik behar baino 1.800 lanpostu gutxiago ditugu eta gelako ikasle kopurua %9,1ean hazi da. Alde batetik egoera honi oso modu mugatuan erantzuten dion neurri bat jasotzen du akordioak ( Lanbide Heziketan 80 lanpostu berri ren sorrera legealdi osorako eta Haur Hezkuntzako  3 urteko geletarako soilik irakasle erdi eta irakasle ta erdi bitarte gehiago esleitzea  talde kopuruaren arabera eta beti ere 20 ikasletik gorako batazbesteko ratioa baldin badago). Lehen Hezkuntzan apirilean proposatutako tutoretza bikoitza ezartzearen neurria desagertu da. Bai etapa honetarako zein DBHrako hezkuntza saila Hezkuntza beharren indizea delako baten lanketan diharduela jasotzen du sinatutako testuak, hezkuntza beharrak identifikatu eta Hezkuntza sailak beharrezko jotzen duenean laguntza gehigarriak esleitzeko. Lehen Hezkuntzan eta DBHko 1. eta 2. mailetan abian jarri eta bere ondorioak baloratu ondoren DBHko 3. eta 4. mailetan ere aplikatzeko aukera aipatzera mugatzen da .

            Honela, printzipioz 2010 urtetik eman den gelako ikasle ratio igoera  bere horretan mantenduko litzateke, ikastetxe guztietan dagoen gehiegizko ratioen egoera orokortuari irtenbiderik eman gabe, honek hezkuntza prozesuaren garapenean sortzen dituen arazoekin. ELAk behar bereziak dituzten ikastetxe edota ikasgelei baliabide gehigarriak ematea defendatzen du noski, baina beti ere behin ratio igoera orokortuaren arazoari ere irtenbidea ematen bazaio, eta indize horren zehaztapenerako irizpideak ezagunak, adostuak eta gardenak badira.

  • Irakasleek %15eko eroste ahalmenaren galera izan dute, honek 32.000 eta 41.100 € bitarteko galera metatua suposatzen du kidegoaren arabera. Eros ahalmen hori berreskuratzeko inolako planteamendurik ez da jasotzen sinatutako akordioan.
  • Sindikatuon aldarrikapen izan den erretirorako pizgarriak berreskuratzeari buruz ere, ez da inolako aurreikuspenik jasotzen, azken egunotan legebiltzarrak berak ere pizgarriak berrezartzeko pausoak emateko agindua eman arren Jaurlaritzari.
  • Bajan egoteak zigortua egoten jarraituko du, akordioan jasotako testuak ez baitu kontrakorik bermatzen.

            Abian jarri dugun greba eta mobilizazio dinamikak behartuta Hezkuntza Sailaren proposamenetan aurrerapausoak ikusten joan bagara ere,  esaterako ordezkapenak etapa gutzietan lehen egunetik egitekoa, azken urteetan hezkuntza publikoan jasan ditugun murrizketa basatiak atzera botatzetik eta lehengo egoerara itzultzetik oso urrun daude gaurkoan sinatutako akordioaren edukiak.

            Hezkuntza publikoko langileek, egoera hau lehenengo pertsonan bizi eta pairatzen dutenek hain zuzen ere, egoera honi buelta emateko beharrezkoa den mobilizazioa babesteko prest daudela ere erakutsi digute, mobilizazio horri bide eman eta bultzatuko duenik dagoen bitartean .

            Horregatik guztiagatik, ELAk ahalegin guztiak egiten jarraituko du Jaurlaritza gure aldarrikapenei erantzutera behartuko duen mobilizazio dinamika bultzatzeko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.