2018-03-09 16:04

Sinatutakoa ez da inola ere nahikoa, babesa ematen baitio milioi erditik gora lanpostu publiko suntsitu duen austeritate politikari. Akordioak ez du herri-administrazioetan enpleguaren egoera larria konpontzeko ekarpenik egiten, ez eta eros-ahalmena berreskuratzeko ere; aitzitik, galera handiagoa ekar lezake, KPI ez baita bermatzen eta, areago, indize bera erreferentzia gisa hartzea alde batera utzi nahi du.  

Enpleguan akordioak dio ez dela gasturik, ez langilerik gehituko; honi erantsiz gero sektore batzutan %75eko birjartze tasak aipatzen direla, ondorioa enplegu publiko gehiago suntsitzea izango da.

ELAk salatu du ez dela errespetatzen zerbitzu publikoak administrazio eta autonomia-erkidego bakoitzean antolatzeko ahalmena; izan ere, akordioak esaten du %100eko birjartze-tasa soilik autonomia batzuk aplikatu ahal izango dutela, zehazki zor eta gastu-arauari buruzko aginduak betetzen dituztenek; hau egin ezean, zigortu egingo dituzte. Beraz, lehentasuna zorra ordaintzeari eta gastu-arauari ematen zaio, ez kalitatezko zerbitzu publikoak izateari.

Horrenbestez, ELAk proposamen hori arbuiatu egin du eta Gasteizko eta Iruñeko gobernuei eskatu die eutsi diezaiotela beren autogobernu ahalmenari; behingoz muzin egin diezaietela Madrildik datozen aginduei, zeintzuk Hego Euskal Herrian 23.000 lanposturen suntsipena eragin duten eta aldi baterako enplegu tasa %35eraino puztu duten. ELAk Madrilen ordezkaritza duten alderdi politikoei galdegiten die ez dezatela akordio hau babestu 2018ko estatuaren aurrekontu orokorretan.

ELAk Gasteizko eta Iruñeko gobernuei eskatu die berehala has ditzatela lan eskaintza publikoak deitzeko eta aldi baterako enplegua finkatzeko negoziazioak. Bestalde, zerbitzuen pribatizatze eta azpikontratatze prozesuak bertan behera utzi behar dira, negoziazio kolektiborako eskubidea aintzat hartu, akordioak osorik betez, eta galdutako eros-ahalmena zein murriztutako eskubideak berreskuratu.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.