2018-03-19 09:51

 

Jakina denez, joan den ostegunean Lakuntzako (Nafarroa) Sakana Sociedad Cooperativa enpresan lanean ari zela burdinezko pieza bat erori zitzaion gaztea, ostiralean hil zen, hain juxtu A-15ean Tiebas parean gertatutako beste istripu baten ondorioz kamioi-gidari bat hil zen une berean.

Aurten Nafarroan lan-istripuz hildako hiru eta laugarren langileak dira, eta guztira 14 dira 2018an Euskal Herrian bere lanpostuetan bizitza galdu duten pertsonak. Zentzu horretan, nabarmentzekoa da 2015eko ekainean beste lan-istripu hilgarri bat gertatu zela Sakana S. Coop-en bertan, teilatuan konpontze lanak egiten ari zen azpikontrata bateko langilea erori eta bertan zendu zelarik.

Laneko heriotzak ez dira zorte txar edo kasualitate kontuak, sahiesgarriak dira eta lan baldintza makur eta segurtasun neurri gabeziarekin dute lotura. Arrazoi nagusien artean gehiegizko lankarga eta lan-erritmo jasanezinak kokatzen dira, baita segurtasun eta osasun arloko inbertsio falta ere. Horregatik, eta balizko ardurak argitze aldera, gertatutakoaren ikerketa sakona ahalik eta azkarren egin dadila eskatzen du ELAk,.

Egoeraren larritasunaren aurrean, ELAk laneko arriskuen prebentziorako arautegia zorrotz betetzeko eskatzen die enpresei. Patronalari aldiz, Nafarroako lan baldintzak prekarizatzeko eta hauen hobetzea galarazteko estrategia bertan behera uztea. Era berean, ELAk erakunde publikoen pasibotasuna salatzen du, eta Gobernuari eskatzen dio baztertu ditzala lan-osasuneko kontzertazio politika publikoak, eta bideratu ditzala behigoz baliabide ekonomiko nahikoak enpresen kontrol eta jarraipenerako beharrezkoak diren neurri errealak ezartzeko.

ELAk bere aldetik, Nafar langileriaren lan eta bizi baldintza duinak lortzeko bidean enpresa eta lantokietako antolakuntza indartzeko konpromezua berretsiz, euskal gehiengo sindikalak deituko dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.