2018-06-26 12:02
CCOOk eta UGTk berriz ere sinatu dute CEOE eta CEPYMErekin Negoziazio Kolektiboko Estatuko Akordioa; honek patronalari bake soziala bermatuko dio, enpresei egiten zaien gomendio baten truke. Era honetako akordioek akordio sozialaren itxura besterik ez dute ematen, baina horrek enpresak ez ditu ezertara derrigortzen.

CCOOk eta UGTk berriz ere sinatu dute CEOE eta CEPYMErekin Negoziazio Kolektiboko Estatuko Akordioa (AENC), 2018 eta 2020 urteen arteko indarraldia izango duena. 

Soldata gomendio hutsak, KPIarekin loturarik gabe eta gutxieneko soldata baxuarekin

Soldatei buruzko akordioa gomendio hutsa da, baina gainera negoziazio kolektiborako oso erreferentzia eskasa finkatzen du: Soldata igoerak “% 2 ingurukoak” izango direla dio, KPIrekin loturarik egin gabe, baina uneotan prezioak gorantz doaz, eta indize hura dagoeneko %2ra iritsi da; beraz, ontzat ematen den igoera horrekin ziurrena da langileek eros-ahalmena galduko dutela. Gainera, KPIak hurrengo urteetan izango duen garapena aurreikustea ezinezkoa denez, soldatek prezioen garapenarekin loturarik ez izateak oso ondorio larriak izan ditzake langileentzat. Noiz eta 2008ko aberastasun maila gainditu eta sortu den aberastasuna kapital-errentetara joan denean, produktibitatearen hazkunde tasak oso altuak izan diren arren.

Halaber, beste gomendioa, hitzarmenetako gutxieneko soldata hilean 1.000 eurokoa izatea, euskal gehiengo sindikalak ezarri duen 1.200 euroko erreferentziaren oso azpitik dago. CCOOk eta UGTk jokatzen dute ordezkaritza sindikal guztia euren esku balego bezala, gure negoziazio-ahalmena mugatu nahi dute; esaterako, gutxieneko soldata maila horrek ez du zerikusirik euskal langile-klasearen beharrizan eta borondatearekin.

Sanchezi babesa eman diote azken lan-erreformak indarrean mantentzeko

Bestalde, akordio honek ez du benetako aipamen kritikorik egiten azken lan erreformez, eta ez du erabakirik jaso haren ondoriorik gogorrena, prekarietatea, deuseztatzeko. Bi aldeen hitzarmenak negoziatzen jarraitzeko borondatea dagoen bitartean hitzarmenen indarraldia mantenduko dela aipatzeak hitzarmenen indarraldia patronalaren eskuetan mantentzen jarraitzen du. Akordioak zuzenean aipatzen du “aldeetako edozeinek negoziazioa agortu dela erabaki dezake eta, ondorioz, derrigorrezko tartekaritza bat edo borondatezko arbitraia ezarri”. Honek, de facto, mobilizazioari eta grebari uko egitea dakar, patronalak lanaren kalitatea izugarri prekarizatu duen testuinguru batean. ELAk aurten sinatu dituen sektoreko hitzarmen guztietan mugagabeko ultraaktibitatea eta aldebakarreko inaplikazioaren debekua adostu ditu, baina Estatuko sindikatu eta patronalek uko egin diete aldarrikapen hauei.

Lan erreformak aldatzeko aipamen bakarra azpikontratazioari dagokion puntuan azaltzen da, baina bere izaera ontzat emanez “produkzioaren espezializaziorako ezinbesteko prozesu” moduan. Lan erreformari buruzko arazo guztia gai horretara mugatzeak, Gobernuari presio guztia kentzen dio aurretik hartua zuen konpromisoa betetzeko, hau da, 2012ko lan-erreforma erabat desegiteko. Akordio honekin espainiar gobernuari babesa ematen zaio azken lan erreformaren mamiari eusteko bere asmoan. Oso larria da negoziazio kolektiboari buruzko akordioa sinatzea patronal honekin, zeinari Sanchezen gobernuak lan merkatua erreformatzeko beto eskubidea eskaini dion, bere esanetan adostasuna baita edozer aldaketarako abiapuntua. Patronalak, ordea, indarrean den lan araudia aldatzeko ez dauka inongo asmorik, eroso asko baitago berarekin. Akordio honekin CCOO eta UGTk patronalaren beto eskubidea onartu dute.

Ez dago soldata arrakalarik eta formazio bitartez finantzazioa bilatzen dute

Akordioan soldata arrakala terminoa ez da azaltzen, eta aurreikusten dituen neurriekin gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak betikotu egingo dira. ELArentzat larriena negoziazio kolektiboaren bitartez soldata arrakalari aurre egiteari uko egin izana da.

Horrez gain, sinatzaileek Gobernuari eskatu diote etengabeko formazioaren alorrean “solaskide sozialen egitekoak eta funtzioak zehaztasun gehiagorekin defini ditzala”, hau da, aurretik ikastaroak emanez lortzen zuten finantzazioa berreskuratzea eskatzen diote.

Prekarietateari aurre egiteko autonomia nahi dugu

Euskal Herriko langile-klaseak bestelako borondatea adierazi du, ordezkaritzarik handiena ELAri eman baitio; ez dugu onartuko injerentziarik gure negoziazio kolektiboko estrategian, ez behintzat gure aldarrikapenen aldeko borroka ahultzeko bada, edota gero eta prekarioagoa den lan merkatua ontzat emateko. CCOOk eta UGT bake soziala emateko prest daude, patronalak horren truke ezer emango ez badu ere; prekarietatea amaiarazteko ez dago konpromisorik. Hau da negoziazio kolektiboaren estatalizazioa.

Akordio hau agortutako kontzertazio sozialaren adibide berri bat da. Berorren bitartez patronalari bake soziala eskaintzen zaio eta, era berean, patronalak prekarietatea hedatzen du. Aurreko Akordioekin hala izan zen eta honekin ere hala izango da. ELAk garatuko duen negoziazio kolektiboaren xedea izango da lan prekarioa borrokatzea, lantokiz lantoki eta sektorez sektore, eta gure bizitza prekarizatzen duen patronalari ez diogu bake sozialaren oparirik egingo. Guk nahi dugun negoziazio kolektiboa oso exijentea da sindikatuentzat: lantokietatik hurbil egon behar da eta enpresarien borondatea mugiarazteko behar diren gatazkei eusteko bitarteko materialak eskatzen ditu; ELAk erronka honi aurre egitea erabaki du.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.