2018-05-29 10:24
Azkuna Zentroko Mediatekan enpresa azpikontratatuen bidez lan egiten duten langileak 6 urtez baino gehiagoz egon dira benetako lan-prekarietatearen egoera batean. Soldatak 650 eta 1000 euro bitartekoak dira, denbora osoko lanaldietan, eta urteko egun guzti-guztietan zerbitzu hori emanez.

 

ELAk salatu du lan-esplotazioko egoera horren jatorria lizitazio publiko bat dela. Izan ere, administrazioak zerbitzuak lizitatzean daraman prozeduraren ondorioz soldatak gainbehera bizian jaisten dira, benetako lan-esplotazioko atariraino iritsi arte.

ELAk gatazka kolektiboko demandak jarri ditu, Bizkaiko Esku-hartze Sozialaren Hitzarmena aplikatzeko eskatuz, baina judizioaren zain daude. Langileen iritziz hitzarmen hori dagokie beraiei.

Azkuna Zentroko Mediatekan lan egiten duten 20 langile ingururen prekarietate-egoera hori konpontzeko oinarriak berehala ezarri behar dira; batetik, langile horiei egonkortasuna emateko, eta bestetik, hurrengo lizitaziorako baldintza-orria datozen egunetan prestatu behar delako. Baina, oraingoz, Azkuna Zentroko Zuzendaritzak ez du egoera konpontzeko borondaterik agertu.

Horregatik, Mediatekako enpresa azpikontratatuetako langileek greba mugagabera deitu dute, lanpostuen egonkortasunaren alde, eta lan-baldintzak hobetzearen alde. Aipaturiko greba maiatzaren 30ean hasiko da. Langileek eragozpenak barkatzeko eskatzen diete erabiltzaileei.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.