2018-01-31 13:09

Osakidetzako Zuzendaritzak bere horretan jarraitzen du osasun-sistemako zerbitzuak pribatizatuz. Mehatxu horren pean egon ohi diren zerbitzuak garbikuntza, sukaldeak, esterilizazioa eta mantenimendua dira; baina, baita ere, etxez etxeko laguntza, osasun mentala, anbulantziak... Aski frogatuta dago pribatizatzea ez dela merkeagoa, eta kalitate eskasagoa eskaintzen duela. Egoerari buelta ematen saiatzen garen artean, helburu bat markatu dugu: zentro berrietako zerbitzu bat bera ere ez izatea pribatizatua. Hau da, arazoa ez handiagotzea. Osakidetzak berak sinatu zuen konpromiso hori; baina, beste asko legez, ezerezean geratu da.

Politika honen adibide izan da Urdulizko ospitalea. Kasu honetan, Osakidetzak egindako pribatizazio ahalegina etenda geratu zen epaitegien erabaki baten bitartez. Bada, erabaki hori berretsi du orain Erkidegoko Auzitegi Nagusiak. Esan behar dugu Osakidetzak lehenbiziko erabaki hori errekurritu zuela, pribatizazioen aldeko borondate garbia adieraziz. Bere errekurtsoan adierazi zuen pribatizazio horien eteteak, galera ekonomiko eta estrategikoak eragiten dizkiola. Hortaz, argi ikusten dugu Osakidetzarentzat zerbitzuen pribatizazioa interes estrategiko bat dela.

Gogorarazi behar dugu Osakidetzak atzera egin zuela Urdulizko Ospitaleko garbitegia, sukaldea eta garbikuntza pribatizatzeko asmoetan. Eta hori hala izan bada, ez da izan kalitatezko zerbitzu %100 publikoa eskaintzeko borondatea izateagatik, ELAk bultzatu eta beste sindikatu batzuek ere deituriko mobilizazioengatik baizik, baita prozedura juridikoen emaitzengatik.

Osakidetzaren zerbitzua %100 publikoa eta kalitatezkoa izan behar da, eta behar beste langileekin, herritarrek merezi duten bezala. Eta ELAn ez dugu etsiko hori horrela izango den arte, eta oraingo egoeran mobilizazioaren beharra azpimarratu behar dugu, gure helburuak lortzeko tresna egokia da-eta.

Atzo Gernika, gaur Urduliz, bihar Eibarko ospitale berria izango da; azken kasu horretan, Osakidetzak jada adierazi digu bere borondatea dela pribatizazioekin jarraitzea, beste ospitaletan bezala. Baina Osakidetzak jakin behar du gu diru publikoa xahutzearen aurka gaudela, eta dirua xahutzea da zerbitzuak horrelako enpresen esku uztea, helburu bakarra dirua irabaztea baitute, kalitatezko estandarrak bete gabe, eta plantillak esplotatuz.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.