2018-03-23 10:25

Bejondeiela mobilizatzen direnei! Mobilizaziorik gabe ez dago aldaketarik. Jende arrunta -gure jendea- konturatzen ari da hazkunde ekonomikoaren istorio hori adar jotze bat dela. Ez baitu inolako onurarik antzematen. Aitzitik, ikusten du gauzak betikoentzat doazela ondo; desberdintasuna gero eta handiagoa dela, batez ere emakumeen kasuan; pentsioekin gero eta gutxiago eros daitekeela, eta kalera irten duten pentsiodunen hurrengo belaunaldiei soldata negargarriak inposatzen zaizkiela. Jendea nazka-nazka eginda dago. Baita PSOEren hipokrisiarekin ere, berak ezarri baitzuen “iraunkortasun faktorea”, pentsioei kalte are handiagoa eragingo diena.

Bestalde, mobilizazioek erakusten dute behar ditugun aldaketa politiko eta sozialak ez direla soilik etorriko indar politiko progresistek instituzioetan egin dezaketen lanetik: Indar horiek jendea mobilizatzea behar dute.

Joan den astean ikusi genuen argazkia oso argigarria izan zen: Urkullu Madrilen izan zen IBEX-35eko enpresetako buruekin (hauetako batzuk, Kataluniako prozesu demokratikoa saboteatu zutenak). Hedabideetako argazki-oinak argi dio: “Famili-argazkia”.A zer “familia”, pentsio-funts pribatuetan milioika euro pilatzen dituztenak eta gobernuak; denen artean erabakitzen dute jende xehea areago nola pobretu...

Aski da gainbegiratu azkar bat konturatzeko botoak beharrezko direnean PP, PSOE, EAJ, Cs eta UPN bat etortzen direla desberdintasun soziala areagotzeko akordioetan. Madrilen, Gasteizen, Iruñean, Aldundietan... Zerga- eta aurrekontu-politikan... Zerga-politikan Batzar Nagusiek duela gutxi enpresentzako opari fiskalak erabaki dituzte. Alderdi horiek ere elkar hartzen dute ekinbide sindikal, politiko eta sozialen aurka, hauek lan merkatuko eta gizarteko prekarietatea leuntzeko neurriak eskatzen dituztenean. Esaterako, ez dute onartzen gutxieneko pentsioak osatzea 1.080 €raino, edota DSBE murriztu egiten dute, hura jasotzen dutenen bizi-baldintzen kalterako (%25 pentsiodunak, %57 emakumeak eta %23 lanean ari izanagatik txirotasunean daudenak).

 

PP rekin batera politika horiek bultzatzen dituzten alderdiak hauek pentsiodunen manifestazioetara joatea antzezpen bat da. Antzerki hutsa. Gehienetan, errealitateaz jabetuz gero, ikusten duzu deskribatze hutsa iraultzailea dela. Behar duguna da euskal neoliberalismoaren aurkako oposizio argi eta jarraitua, hark interesak, politikak eta aliantzak espainiar neoliberalismoarekin partekatzen baititu, betiere diruaren mesedetan. Egunero gogorarazten digute. Horregatik egiten dute antzerkia, oharkabean pasa dadin.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.