2018-05-25 12:54
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ekainaren 2an Iruñeko kaleak betetzearen garrantzia azpimarratu nahi du. Izan ere, datorren larunbatean bestelako mundu hobe bat posible dela erakutsiko dugu Nafarroako hiriburuan.

Ate joka dago Euskal Herrian egingo den Alternatiben Herriaren hirugarren edizioa. Baionako (2013) eta Bilboko (2015) arrakasten ostean orain Iruñeari dagokio txanda. Egungo sistemaren bidegabearen aurrean Nafarroan ere hamaika alternatiba daudela erakutsiko dugu ekainaren 2an. Horregatik ekimen honen antolatzaile den Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak agerraldia publikoa egin du gaur Bilbon proiektu honi bere babes osoa emateko.

Ekainaren 2a festa eta aldarrikapen egun bat izango da. Hamaika ekimen eta jarduera egongo dira egun guztian zehar. Egun horretan Iruñeko erdigunea hainbat auzoz osaturiko herri bilakatuko dugu; hausnarketaz, alternatiba praktikoz, kale animazioz, baikortasunez eta, batez ere, etorkizunez beteriko herria izanen da.

Gaur egungo eredu sozial eta ekonomikoa gainditzeko proposamenak garatzea gure esku dago. Proposamen asko ditugu eta bertze asko jorratzen hastea dagokigu. Horietako anitz ezagutzeko eta praktikan jartzeko aukera paregabea izanen dugu ekainaren 2an Iruñan herri justu, solidario eta desiragarriagoa eraikitzeko bidean.

Ekainaren 2an, denok Iruñera!

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.