ARGIA.eus

2018ko otsailaren 23a
Kazetaritza independentea, txikitik eragiten.

Plaza!

SORTU KONTUA
Egia, itzaletik argira. Lanean dihardugu euskal gatazkaren testuinguruan gertatutako guztia ezagutzearen alde eta biktima ororentzako aitortza eta erreparazio maila bera ziurtatuko duen marko legal berri baten alde.
2018-02-13 10:48

Otsailaren 13an, 1981. urteko Joxe Arregiren heriotza gogoan harturik,  salatzen da Estatu espainiarrak tortura euskal jendartearen kontra tortura baliatu duela bere estrategia errepresiboaren baitan. 37 urte pasa dira jada zauri larrien eraginez hil baino lehenago esandako “oso latza izan da” hartatik. Hori dela eta, urtero, infernu hori gainditu ez zutenak ditugu gogoan. Baita tragedia hori bizi behar izan duten milaka emakume eta gizonak ere.

Aurtengoan, gainera, urteurrena bereziki da esanguratsua. IVAC-KREI institutuak EHU eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean landutako txostena eskuartean dugu jadanik. Bertan, euskal jendarteak aspaldidanik zekiena zientifikoki argitara ematen da: gure herrian sistematikoki torturatu da eta arduradunek inpunitate osoz jardun dute. Guzti hori Eusko Jaurlaritzaren zigilu ofizialpean, gainera.

Beldurgarria da erradiografia: 4.113 tortura kasu, 3.415 pertsonari. Krimen inpune eta sistematiko baten testigantza argia da, bost hamarkadetan zehar Polizia Nazionala, Guardia Zibila eta Ertzaintzaren polizia etxeetan gertatu dena. Gainera, agerian uzten du ez zutela ezer egin gaitz horrekin amaitzeko aukera zuten guztiek: epaileek, forentseek, politikariek, komunikabideek,…, horrela giza eskubideen eta giza duintasunaren kontrako aberrazio hori bizirik mantenduaz. Hortaz gain, txostenean espreski aipatzen da errealitatea jasotakoa baino askoz zabalagoa dela, eta ikerketa lana bera amaitu gabe dagoela.

Egiari Zor Fundaziotik aldarrikatzen dugu gertatutakoa ezagutzea berme onena dela jasandako mina ez errepikatzeko. Egia ezagutzea beharrezkoa da, izugarria bada ere; nahiz eta batzuk beldurtu, sekula haien gain ardurarik hartu ez izanagatik; edota beste batzuk duindu eta erreparatu, maila pertsonal zein kolektiboan. Nafarroan gertatu den moduan, irrigarria da ikerketaren bigarren atala martxan jartzea debekatzen saiatzea,  Espainiako Gobernuko barne saileko funtzionariek egindakoen egia bertsio ofizialen bidez estali nahiean.

Hori dela eta, txosten honek balio behar du diktadura garaitik gaur egun arte tortura jasan duten milaka pertsona horien sufrimendua aitortzeko eta horiei erreparaziorako mekanismoak eskaintzeko. Eta batik bat, ziurtatzeko berriro inolako komisaldegitan horrelako krudelkeriarik ez dela gertatuko. Zentzu horretan, hori ekidingo duten mekanismoak martxan jartzea ezinbestekoa da. Gizarteak bere osotasunean hartu behar du ardura hori bere gain.

Guzti horretaz gain, txosten honen argitalpenak biktimengan efektu erreparatzaile sakona izan duela ere esan behar dugu. Are gehiago, txostenaren bidez justizia lortu da, azken finean, bertan jasotzen denak gezurtatzen baitu urteetan torturaren errealitatea ukatu dutenen kontakizuna. Eta horrela, gainera, biktimek jasandako sufrimendu bikoitzarekin  amaitzen da: torturatua izangatik sufritua eta, ostean, gezurra esan izana leporatzeagatik jasandakoa.

Egia bere osotasunean hartu behar da euskal gatazkaren baitan jazo dena kontatzeko, baita torturak jasandako pertsonena ere. Giza eskubideen urraketak jasan dituen oro aitortu eta erreparatzeko unea da, aurrerantzean otsailaren 13a bezalako egun gehiagorik oroitu behar ez izateko. Egia, justizia, erreparazioa eta ez-errepikapenerako bermeak guztientzat.